Udako ludotekan 65 haurrek eman dute izena

Guaixe 2011ko uztailaren 7a

Garagarrilaren 27an zabaldu zituen ateak Lakuntzako Udalaren Udako Ludotekak, eta hala izanen ditu hilaren 29ra arte. Udako Ludotekaren eskaintza astegunetan izaten da, 10:30etik 13:30era. Izena emanda dauden 65 haurrak Luis Fuentes eskola publikoan biltzen dira. Gehienak lakuntzarrak badira ere, uhartearrak eta arbazuarrak ere badaude. Egunero, biltzen direnean, ludotekako oihua egiten dute: eoeo, oe. Ondoren borobilean eseri eta nork bere izena esaten du. Izan ere, Lakuntzako Udako Ludotekako bereizgarrietako bat da hileko eskaintza izanda ere, haurrak eguneka matrikulatu daitezkeela. Neurri horrekin Lakuntzako Udalak nahi du egoera ekonomiko eskasa duten familiek ere zerbitzua zenbait egunez baliatzeko aukera izatea. Horretaz gain, aldameneko herrietako festengatik eta oporrengatik kanpora joaten diren haurrak ere zerbitzua baliatzeko aukera izan dezakete. Hala, batez beste, egunero 45 bat haur biltzen dira. Eskolan eta haren inguruan ibiltzen dira gehienbat haurrak. Baina  igerilekura eta mendira ere irteerak egiten dituzte. Jarduera batzuk guztiek batera egiten dituzte eta beste batzuk taldeka. Orduan 3 eta 5 urte artekoak (gehienak) talde batean biltzen dituzte eta 5 eta 11 urte artekoak beste batean. Lakuntzako Udako Ludotekako arduradunak bost begirale dira: Mariñe Larrañaga, Sandra Goñi, Izaskun Flores, Asier Pazos eta Olaia Martiarena.