Jokin Alegria San Anton galerian

Guaixe 2011ko uztailaren 29a

Iruñeko arte galeria ezagunenetakoa da alde zaharreko San Anton kalearen izena hartzen duena. Pasa den ikasturtean, lehen aldiz, pintura klaseak antolatu dituzte. Jokin Alegria Kale lakuntzarrak horietan izena emateko aukera izan du. Orain, ikasleek ikasturtean zehar egindako lana erakutsiko dute. Margolari entzutetsuen koadroak erakusten diren aretoan zintzilikatuko dituzte haien lanak. Erakusketak gaur irekiko ditu ateak. Jokin Alegriak irakasle paregabeak izan ditu: Fermin Valles pastelean eta Juanjo Lazkano oleoan. "Azken hori Antonio Lopez margolari ospetsuaren margo tailerrean egona da" jakinarazi digu Kalek. Lakuntzarrak bi mutikoren erretratua aukeratu du erakusketarako. Indarrez beteriko margolana da. "Iruñeko San Anton galeria ospetsuan margolan bakar bat jartzea aurrerapauso bat da niretzat" dio pozik. "Galeria honek jende asko erakartzen du. Anekdota bezala, orain dela gutxi Albako dukesak Carlos Ciganda margolariaren lan bat erosi zuen bertan" gehitu du.