Nafarroa kulturala

Guaixe 2011ko urriaren 7a

Ez nuke pentsatuko aldizkari honetan egingo nuen lehen idatzia honi buruz izango zenik. Azkenengo asteetan ongi pentsatuta neukan zertaz idatzi nahi nuen, musikaren mundua baita nire arlorik gogokoena, eta kultura musikal pixka bat eskaini nahi nizuen.Nire lanak egun batzuk kanpoan egotera behartu nau. Etxera bueltatzean Barcina-ren gobernuak egin behar dituen murrizketa ekonomikoak ezagutu ditut, eta beharra sentitu dut murrizketa hauek salatzeko.Ez da berria beti kaleko jende xumeari tokatzen zaigula goian daudenen akatsak ordaintzea. Ez da berria ere, beraiek sortutako egoera ekonomikoa gu jasaten ari garela. Baina amorru gehiena ematen didana beraien lotsagabekeria da. Ez dira pasatu 6 hilabete Iruñea "Kultur Hiriburua" izendatu nahi izan zutenetik, eta aste honetan jakin dugu murrizketa ekonomiko handienak kultur arloan izan behar ditugula. Guztira 5.128.307,32 € gutxiago kulturarako: antzezlanak, kontzertuak, kultur etxeak, Punto de Vista zinemaldia, Gayarre, Barañaingo Auditorioa...  liburutegiak, museoak (Oteiza Fundazioak adibidez   224.000 € gutxiago) edo Iruñeko Orfeoi famatuak izango duen ia 60.000 € gutxiagoko murrizketa. Eta horrela bata bestearen atzetik.Jakin badakigu Nafar gobernuak nola erabiltzen dituen kultur arloak (Guaixek berak ere badaki zertaz doan hau). Lotsagabe hutsa izan behar da alde batetik Iruñea "Kultur Hiriburua" izendatu nahi izatea, gero berez diru gutxi ematen dioten arloari murrizketarik handiena egiteko. Tira, jadanik ezagutzen ditugu eta ez gaitu harritzen, baina amorratu egiten gaitu. Hobe litzateke beraien soldatak murriztuko balituzte.Juan Luis Sanchez de Muniain dugu Nafar Gobernuaren Kultur arloaren arduraduna. Berak esandakoaren arabera, "bizitzaz bete behar ditugu eraikitako espazio kulturalak". Esaguzu sailburu jauna: Zertaz bete behar ditugu aurten? Eta heldu den urtean?Hemendik animatu egiten zaituztet kultura lantzen jarraitzeko, kale kulturaren aldeko apustua eginez. Egin ditzagun kontzertu, antzezlan, erakusketa eta buruan sortzen zaizkigun gauza guztiak. Nik nire aldetik ahal dudan guztia egingo dut. Eta zin dagizuet hurrengo idatzian nik gehien dakidanari buruz hitz egingo dizuedala: musikari buruz.Ibai Hernaiz