Axuria, tea eta gaztainak, elkar hobe ezagutzeko

Guaixe 2011ko azaroaren 11

Astelehenean musulman fededunek festa handia ospatu zuten, Arkumearen Festa edo Aid Kebir. Sakanan ere makina batek festa egin zuen. Musulmanen ohiturak ezagutarazteko asmoz, Txingurriye laguntza eta aisialdi taldeak biharko ospakizuna antolatu du. Lakuntzako guraso musulman batzuek axuria erreko dute eta 18:30ean plazan dastatzera emanen dute. Lakuntzako plazatik pasatzen denak axuri errea eta tea dastatzeko aukera izanen du. Horretaz gain, udazkeneko euskal ohitura bat ere gehitu du Txingurriyek. Hala, gaztainak erre eta haiek jateko ere eskainiko dituzte.