Axuri eta gaztaina festak plaza bete zuen

Guaixe 2011ko azaroaren 17a

Larunbatean udazkeneko ohiko bi jaki dastatzeko aukera izan zuten lakuntzarrek: axuria eta gaztainak. Axuria herriko musulman fededunek prestatu zuten, aurreko astelehenean Axuriaren festa edo Aid Kebir handia gogora ekarriz. Axurki brotxetez gain, San Martin egunaren inguruan ohiko diren gaztainak egin zituzten. Jaki goxoen ondoren lakuntzarrek eztarria busti zuten tearekin. Lakuntzako Txingurriye laguntza eta aisialdi taldeak antolatutako ekimena izan zen, Lakuntzako komunitate ezberdinen arteko hartu-emana sustatzeko helburuarekin. Baita lortu ere, eguraldia lagun, Lakuntzako festa leporaino bete baitzen. "Axuri festa musulmanendako festa handia da, gure gabonen parekoa" azaldu zuen Ane Mirenek Beleixe irratian (FM 107,3). "Jainkoak Abrahami eskatutako sakrifizioa ospatzen dute. Episodioa Itun zaharrean dator eta, horregatik, kristauek ere ongi ezagutzen dugu. Hortaz konturatu ziren larunbatean zenbait lakuntzar" aipatu zuen Txingurriye taldeko kideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldeak Lakuntzan immigrazioari eta integrazioari buruz egindako ikerketak agerian utzi zuen bertakoek eta lakuntzar berriek oso ongi baloratzen dituztela kultur arteko jarduerak. "Jatorduak hartu-eman horretarako aukera ona dira" esan zuen Ane Mirenek. Ezaugarri horietako ekimen puntualak antolatzea erabaki du Lakuntzako boluntario taldeak. Ikerketaren emaitzen arabera, jarduera gehiago antolatuko dituzte.