Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Oihane Andueza lakuntzarraren Oteiza gorputzetik egitasmoak Oteiza Museoa-Kutxa beka jaso du. 6.000 euroko beka du datorren urtean egitasmo hezitzailea egiteko. Egitasmoaren helburua honakoa da: Jorge Oteizaren obratik abiatuta, gorputz adierazpena eta adierazpen plastikoa landu nahi ditu. Lakuntzarrak sorpresa handiarekin hartu du saria. "Lehenago aurkeztu izan naiz, baina jasotzen dudan lehen beka da" esan digu. Oteiza Museoa-Kutxa bekaren helburua Oteizaren eskulturaren ezaugarriak lantzea da.Lakuntzarra integrazio sortzailearen metodologian oinarritu da. Adierazpen artistiko ezberdinak uztartu dira sormena lantzeko: "Oteizaren obraren ezaugarriak gorputzera eramango dira, eta hortik ateratzen dena, plastikan plasmatuko dugu" azaldu digu. Oihane Anduezaren ustez, "Oteizaren obran presente dagoen hutsunearen ideiak aukera handiak ematen ditu. Gorputz adierazpenean eta adierazpen plastikoan inprobisazioa lantzeko aukera ematen du" dio. Oihane Andueza lakuntzarrak Magisterio ikasketak egin ditu eta haur hezkuntzako irakaslea da. Gainera, Atena Fundazioko boluntarioa da. Erakundeak ezgaitasuna duten pertsonen garapen integrala sustatzen eta bultzatzen du artearen bidez. Hain zuzen, bertan garatu nahi du hezkuntza egitasmoa. 6.000 euroko beka bi zatitan banatuko da: 3.000 euro egitasmoa kontzeptualizatzeko eta beste 3.000 euro egitasmoa gauzatzeko. Emaitzak datorren urteko abenduan ikusiko ditugu.