Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gero eta jendetsuagoa da Kituka Burundi musika taldea, eta taldea handitu ahala, gero eta anitzagoa da. Zenbait jatorriko musikariek osatutako taldeak azken lanak aurkeztuko ditu gaur gauean Lakuntzan. Perkusioaren indarrak, euskal bertsoen mezuak edota dantza sentsualek bat eginen dute. Kituka Burundi taldea 2009an sortu zen. Taldearen izena Burunda eta Afrikako Burundiren arteko hitz jokotik sortu zen, baina taldea askoz ere zabalagoa da: Sakanako, Agurain aldeko, Goierriko eta Senegalgo musikariek osatzen dute taldea. Hasierako zazpikotea gero eta gehiago handitzen ari da: Falu ahotsarekin, Visiers, Garde, Uhalde, Mario, Muñoa eta beste perkusioan, David, Eunate akordeoilaria, Aguraingo baxua, Martin saxoa, Izaskun dantzaria, Asier Larrion teknikaria... Taldekide eta instrumentu berriak gehitu dira egitasmora. Horrekin batera taldearen aniztasuna handitu da. "Fusioa gero eta handiagoa da. Afrikar erritmoak, euskal bertsoak eta zenbait hizkuntza nahasten ditugu" esan digu Mikel Visiersek. Sakandarrek abesti berriak sortu dituzte eta haiek aurkezteko gogotsu daude. Datozen hilabeteetan Sakanan beste kontzertu batzuk eskainiko dituztela jakinarazi digute. Bestalde, dagoeneko udako agenda prestatzen ari dira.