Lacunza Kalor Group-ek lantegia mustu du

Guaixe 2011ko abenduaren 19a

Taldearen bigarren lantegia jasotzeko 3,5 milioi euroko inbertsioa egin du. Hurrengo lau urteetan ekoizpenaren %40 esportaziora bideratu nahi du.

Ostiralean mustu zuen Lacunza Kalor taldeak lantegi berria Lakuntzan, berogailuak, tximiniak, berogailu tresnak eta sukaldeak egiteko. Taldeak 3,5 milioi euroko inbertsioa egin du. Nafarroako Gobernuak 1.057.637 euroko diru-laguntzak eman dizkio ikerketa eta garapen lanetarako (I+G+b). Diseinu zaindua du mustutako lantegiak. Taldearen ikerketa eta garapen departamentua, taldeko lantegietan behar den xaflen eraldaketa eta ekoizpenaren zati berritzaileena hartzen ditu lantegi mustu berriak.

Taldeko kudeatzaile Jose Julian Garziandiak azaldu zuenez, "inbertsio hauek egitea erabaki dugu haien bidez sektoreko etorkizuna markatuko dela uste dugulako". Inbertsiorik gabe halakorik egitea ezinezkoa litzatekeela eta merkatuak eskatzen duenerako prest egon beharra dagoela nabarmendu zuen Garziandiak. Eraikuntza arloaren menpeko izanda ere, enpresa hazten ari dela nabarmendu zuen kudeatzaileak. Gartziandiak guztia aurrera eramateko taldearen garrantzia azpimarratu zuen.

Jose Ramon Garinek azaldu zuen industrialdea Nafarroako Gobernuaren batere diru-laguntzarik gabe egin zela, gobernuak udal industrialdeak laguntzeko deialdirik ez zuelako egin. Enpresak Lakuntzan gelditzeko ahalegina nabarmendu zuen ere.

Sakanaz

Mustutze ekitaldian Lourdes Goikoetxea kontseilaria eta Yolanda Barcina presidentea egon ziren. Haiei zuzenduta kudeatzaileak azaldu zien ibarraren egoera "benetan dramatikoa" dela. Sakana urtetan "industrialki eremu eredugarria" izan zela aipatu zuen, "baina une honetan, arrazoi ezberdinengatik egoera benetan zaila da. Eskualdea dagokion tokian uzteko denen ahalegina eta elkarlana behar ditugu".

Jose Ramon Garinek ere, taldeko langile eta Lakuntzako alkate denak, hitza hartu zuen. Gobernuko kideei zuzenduta esan zuen: "ezberdintasunen gainetik, pairatzen dugun egoera larriak bat egitera eraman behar gaitu, garapen ekonomikoa eta Sakanan bizi eta lan egiteko eskubidea defendatzeko". Garinek Barcinari eta Goikoetxeari eskatu zien Sakana "premiazko berrindustrializazio eskualde" izendatzeko.

Lakuntzako alkateak gobernuko kideei Sakanako garapen ekonomikoaz arduratuko den erakunde bat sortzea proposatu zien. Udalak, Mankomunitatea, gobernua eta ukitutako eragileak erakundean bilduko liratekeela azaldu zuen. "Uste dut toki-entitateetatik eta Nafarroako Gobernutik modu estu eta eraginkorragoan lan egin daitekeela".

Lourdes Goikoetxea kontseilariak bere aldetik jakinarazi zuen Sakanatik jasotako proposamenak aztertuko zituztela, eta laguntza emateko prest azaldu zen. Barcinak zehaztu zuen "egoeraren arabera izanen zirela konponbideak". Bestalde, gobernuko kideek adierazi zutenez, "uste dugu zeuen ereduak, kooperatiba eta sozietate mugatuenak, lanpostuak mantentzeko aukera egingarriak direla, eta are gehiago inguru honetan, non hainbat proiektu arrakasta garrantzitsuarekin gauzatu diren". Barcinak esan zuen udaletatik giroa sortu behar dela herriak enpresendako erakargarriak izateko.

 

Jakingarriak

-Izen aldaketa, Lacunza, Calor de Vidatik Lacunza Kalor Groupera.

- 40 hamarkadan sortu zen enpresa eta 1997an lan sozietate anonimoa bihurtu zen.

- 5.800 m2 dituzte taldearen Lakuntzako eta Altsasuko lantegiaek.

- Lakuntzan 35 langile ari dira, Altsasun 45.

- Altsasun egurra darabilten sukaldeak, estufa eta tximinia klasikoak egiten dituzte. Bulego nagusiak han daude.

- Lakuntzan, garapen departamentuan, 5 ingeniari ari dira lanean.

- Pelleta erretzen duten estufak ekoizten hasi da.

- 9 milioi euro fakturatzen ditu taldeak gaur egun.

- Fakturazioaren %79a estatuan saltzen du. Atzerrian Europako herrialdeetan dago presente.

- Lau urtean fakturazioaren %40 esportatzea aurreikusten du. Errusia eta inguruko herrialdeetan eta Argentina, Txile eta Uruguain zabaldu nahi ditu merkatuak.

- Produktu guztiak homologatuak daude eta CEE zigilua dute.

- Lakuntzako lantegiak zoru bero-emaile bidezko berokuntza sistema du. Lurpean, 18 cm-ra, 24 km luzeko hoditeria jarri dute. Pelleteko bi galdaren bidez  berotzen dute ura.

 

Gertutik

Jose Julian Garziandia Lacunza Kalor Group-eko kudeatzailea

Mustutze eguna. Pozik egoteko eguna?

Bai, oso pozik gaude. Gainera, proiektu berri bat da. Hemendik atera ginen duela urte batzuk eta Lakuntzara bueltatu gara.  

Bi lantegi, Lakuntzakoa eta Altsasukoa. Bakoitzean zer egiten duzue?

Altsasun sukalde, estufa eta tximinia klasikoak egiten segituko dugu, burdinazkoak. Lakuntzakoan, berriz, diseinu berriak, minimalistak eginen ditugu. Diseinu eta teknologia handiko produktuak dira, garestiagoak direnak. Horretarako makina batzuk, inbertsio batzuk, behar ziren, eta horregatik egin dugu lantegi hau.

Bi gama, klasikoa eta berritzailea. Merkatu berriak zabaltzeko?

Hala da. Produktu berriekin merkatu berriak zabaldu nahi ditugu. Momentu honetan Grezian, Portugalen... gaude. Gure asmoa handitzen jarraitzea da, Sakanan enplegua sortzen. Krisi betean eta zuek lantegi berria. Beldur handiarekin, egia esan. Aurrera eginen dugu, apustu bat da. Prestatu egin behar gara. Egoera honek buelta eman behar du, ez dakit noiz, baina guk prestatuta egon behar dugu gauzak ongi jartzen direnean aurrera ateratzeko.

Lan sozietate anonimoa zarete.

Niretako oso modelo ona da. Horrela langileak gehiago inplikatzen dira. Gardentasun eta informazio gehiago dago.

Etorkizuna, nola ikusten duzue?

Gu ongi ikusten ari gara produktu berri asko ateratzen ari garelako. Momentu honetan esportatzeko lan handia egiten ari gara, merkatu berrietara zabaltzeko. Espero dugu hurrengo urteetan gauzak ongi joatea.

Gasaren, gasolioaren prezioak gora egiten ari dira.

Guretako hobe. Guk martxa ona dugu bi arrazoirengatik. Alde batetik, erregai horien prezioak gora egin duelako. Eta, bestetik, gauzak ongi egiten ari garelako. Aurrea egiteko esperantza onak ditugu eta produktu berriak opatzen eta inbertsioak egiten. Gure apustua da gure produktuetan diseinua, berrikuntza, teknologia eta balio erantsia gehitzea, eta horrela segitzea.