Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
LakuntzaBitartean, musika eskolako ikasleak udaletxean ari dira ikasketak egitenGaur hasi da Nasipa eraikuntza enpresa udal musika eskola, ekitaldi aretoa eta jubilatuen eraikina izanen dena eraikitzen. Lanei berrekin zaie aurreko ostiralean batzarra izan ondoren. Lakuntzarrek eraikina atzeratzea eta pilotalekuarekin lerrokatzea aztertu zuten, baina proposamenak ez zuen aurrera egin. Beraz, eraikina dagoen tokian jasotzen hasi dira. Jose Ramon Garin alkateak azaldu digunez, eraikina atzeratzea 30.000 euroko gastua litzateke. "Hasi baino lehen dirua gastatzea litzateke. Horri gehitu behar zaio ezustekoren bat sortu daitekeela eta udalak eraikina barrutik jantzi behar duela". Udalaren egoera ekonomikoa zaila dela azaldu du alkateak. "Jendeak ulertu zuen eta zegoen tokian jasoko da eraikin berria". AurrekontuaOstiraleko batzarrean Lakuntzako Udalak dituen gastu eta diru sarreren berri eman zuen. Alkateak esan digunez, "diru-laguntzek, Gobernuaren ekarpenek eta udalaren diru sarrerek behera egin dutela azaldu genuen. Gastuak, berriz, gora". Gastuak eta sarrerak orekatzeko udalak nondik kenduko duen azaldu zuen. Aurreko urtean udaleko diru partida bat zertara bideratu aukeratzeko aukera izan zuten lakuntzarrek, aurten udalaren ekonomia egoera ikusita hori ezinezkoa izanen dela azaldu digu alkateak. Gaineratu duenez, "bakarren batek diru gutxirekin egin daitekeen zerbait proposatzen badu aztertu eginen dugu". Garinek azaldutakoaren arabera, heldu den urterako aurreikusitako inbertsioak plaza eraberritzea, eraikin berriko altzariak eta igerilekuan egin beharreko lanen bat dira. Plazako lana Nafarroako Gobernuaren lau urteko tokiko azpiegitura lanen programan onartua dago. "Proiektua gobernuaren esku dago, 2012an egitekoa da, baina oraindik ez digute ezer esan". Udalaren asmoa plazako lanak San Saastin festen ondoren hastea litzateke. Haur eskolaAurreko ostiralean Yolanda Barcina Angulo Nafarroako presidentea Lacunza Kalor Group enpresaren lantegiaren mustutzera etorri zela baliatuta, Lakuntzako alkate Jose Ramon Garinek luze hitz egin zuen berarekin. Besteak beste, Arbizuko Udalarekin batera Lakuntzakoak eraiki duen Kattuka haur eskolaz hitz egin zuten. "Udalek egin dugu lana. Diru-laguntza bat hitz emanda genuen. Laguntzaren erdia eman digute eta beste erdia ez digutela ordainduko esan digute". Garinek Barcinari agindutako laguntza ordaintzeko eskatu zion. "Guk gastua egina dugu. Bi herri txiki gara eta itotzen ari gara".