Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean aurkeztu zuen NUPeko talde batek Lakuntzan integrazioaren inguruan egindako "autodiagnosia"Ikerketa eskuan hura mamitu eta integrazioaren alde lan eginen duen talde motorra sortzea proposatu zenNafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle Izaskun Andueza Imirizaldu irakasleak ostiralean aurkeztu zuen ikerketa. Berak proposatuta ikerketa NUPeko Gizarte Lan Saileko 2. mailako ikasleak izan ziren ikerketa egin zutenak. Anduezak lehenengo eta behin nabarmendu nahi izan zuen ilbeltzean aurrekontu parte-hartzaileen bileran proiektua aurkeztu zuenean baiezkoa aho batez eman ziotela. Udalak 1.000 euro bideratu zituen ikerketarako. Ostiraleko aurkezpenean unibertsitateko irakasleak ez zuen ondorioen berri zehatzik eman nahi izan. "Guk ondorio batzuk atera ditugu. Gaurkoan datuak emanen ditugu, baina ondorioak denen artean atera beharko ditugu. Ondorioak irekiak dira, lanean segitzeko" zehaztu zuen Anduezak aurkezpenean. Eta gaineratu zuen, "datu asko ditugu, baina ezer egiten ez badugu, alferrik da". ProposamenaLakuntzarrek integrazioaren inguruan egindako "autodiagnosiak" emandako emaitzen gainean denek lan egitea beharrezkotzat jo zuen irakasleak. Anduezak proposamen zehatza egin zien bildutakoei, "integrazioa landuko duen talde bat martxan jartzea, kolektibo guztiak bilduko dituena. Talde horrek diagnosia aztertu beharko luke, ondoren ekintza konkretuak egiten hasteko". Azterketaren ondoren arlokako ekintza plan bat sortzea proposatu zuen Anduezak. Taldea osatzeko deia ilbeltzean eginen da. Ikerketa egiterakoan lakuntzarrek beraiek hainbat proposamen egin zituztela ere azaldu zuen, haien berri eman gabe. Zenbait datuIkerketa egiterakoan 61 lakuntzar berri zeuden herrian. Erdia marokoarrak ziren. %30 Hego Amerikakoak, %15 senegaldarrak eta %9 Europa ekialdekoak. Lakuntzar berrien %85ek lan egiteko adina du, eta soilik %1ek ditu 65 urte baino gehiago. Gainontzekoak haurrak dira, hain zuzen ere herrian integratuen daudenak. Inkesta egiteko garaian (otsail-maiatza) lakuntzar berrien erdia lanean zegoen eta %36 langabezian edo lan bila. %97k paperak zituzten. 10etatik 6k 3 urte baino gehiago darama Lakuntzan bizitzen eta 10etik batek urte bat baino gehiago. Hizkuntzari dagokionez, %97k gaztelania ulertzen du eta lautik batek euskara ("gehiago beharko balute kopurua handiago litzateke. Guk ez badugu hitz egiten ezin inori ezer eskatu", zehaztu zuen Anduezak). Jatorriaren arabera lakuntzar berriak gehiago edo gutxiago integratuago daudela erakusten du azterketak. Lakuntzarren 10etik 8k haiekiko jarrera ona dutela diote. 200 inkestaNUPko 9 ikasleek integrazioari buruzko ikerketa egiteko inkesta kopuru hori egin zuten. 40 lakuntzar berriei eta 160 lakuntzarrei. Guztien jarrera ona eta parte-hartzailea nabarmendu zuten. Informazioa biltzeko inkestak egiteaz gain, sorterri ezberdinetako herritarrak lan taldeetan bildu ziren. Haietan Lakuntzan integraziorako ematen diren baldintza eta aukeren gainean sakontzeaz gain, "horretarako ikusten ditugun oztopoetan eta haiei aurre egiteko proposamenen inguruan aritu ginen", azaldu digu Anduezak. Talde horietan 35 pertsona aritu ziren.