San Saastin festa hunkigarriak

Guaixe 2012ko urtarrilaren 25a

Lakuntzako neguko festa hunkigarria izan da aurten. Festak jai giroan pasa dira, baina herritar baten heriotzak ekarri zuen txupinazorik ez botatzea bezperan. Lakuntzako Pertza elkarteak herriaren alde lan handia egin duten hiru herritar omendu zituen, Jesus Arraiza, Santi Mendinueta eta Javier Andueza, lehenengo biek hil ondoren jaso dute aipamena, hori dela eta haien alargunek jaso zuten ohorezko txapela. Festak bai, baina suziririk ezOstegun arratsaldean, hil berri zen herritarren aldeko hileta ospakizuna egin zen. Hori zela eta, Udalak suziria ez botatzea erabaki zuen. Udal ordezkariek hitza hartu zuten hartutako erabakia azaltzeko eta "heriotza bizitzaren parte" dela gaineratu zuten. Suziria ez zela botako baina festak aurrera jarraituko zutela gaineratu zuten. Bezperan, gaueko 12etan puntuan lepo bete zen herriko plaza San Sebastianen ereserkia jotzeko. Batetik, erritmoarekin, herriko 60 danborjole sukaldariz jantzita, eta bestetik musikarekin, Ozarki txaranga eta Lakuntzako abesbatza guztiek batera kantatu zuten ereserkia. Ondoren: Tatiago, Idiyarena eta Diana. Jesus Arraiza eta Santiago Mendinuetaren alargunek jaso zuten ohorezko txanoa; eta hirugarren omenaduak, Javier Anduezak, "herrian gauzak aurrera ateratzeko ilusioa eta konpromezua" eskatu zuen. Arraizaren alabak, Anabelek nabarmendu zuen bere aita "Uhartetik etorri zela, baina hasieratik lakuntzarra sentitu zela. Gaurkoa Lakuntzako Pertza elkartean, abesbatzan eta futbol zelaian egindako lan isilaren saria izan da". Ondoren, danbor arrada zalapartatsua jo zuten hil berri zen Amaia Gazteluren omenez. San Saastin ermitako meza eta auzatea jendetsua; haurrendako txokolatada, plazako berbena, erraldoi eta buruhandiak, Alkate Dantza eta bestelako ekitaldiak ez zuten hutsik egin, egun guztietan euriari eman zion arren. Piperropil lehiaketaSan saastinetako pipiropilak hirina, azukrea, arrautzak eta anisarekin egiten dira eta ohi denez urtero lehiaketa egiten da. Azken bost urteotako irabazleak, Cristina Razkinek jantzi zuen txapela aurten ere. Hark bere amonarengandik ikasi zuen errezeta.