Disturbioren iraultza bideoklipera

Guaixe 2012ko otsailaren 16a

Disturbio taldeak laugarren diskoa aurkeztu zuen udazkenean. Aguraingo taldeak bideoklipera eraman du Daños y perjuicios diskoko Revolución kantua. Aritz Igeltz Ziga lakuntzarrak, Erik Andueza arbizuarrak eta haien taldekideek Aguraingo kaleetan grabatu zuten bideoa. Haren bidez, lanean daudela eta emateko asko dutela erakutsi nahi dute. Bideoklipak agerian uzten du Disturbio taldearen indarra.Disturbio taldeak lip dub egitura aukeratu du bideoklipa egiteko. Kamera Eduardo abeslariaren atzetik doa Aguraingo kaleetan barna. Bidean taldekideak eta zenbait herritar ageri dira. Grabazioa taberna bateko zuzeneko kontzertuan amaitzen da. Aguraingo Disturbio taldeak herritarren laguntza izan du: "herritarrek taldearekin dena eman zuten" esan digu Erik Anduezak; "Sakanako zaleek ere ez zuten huts egin" gehitu zuen esker onez. Bideoklipa You Tuben zintzilikatu dute.KontzertuakDisturbio taldeak urrian atera zuen Daños y perjuicios diskoa. Aguraindarrek hard-rock musikan kokatzen dira beldurrik gabe, melodia tinkoekin, gitarra latzekin eta oinarri sendoekin. Diskoaren aurkezpen birak, besteak beste, Kataluniara eraman du talde aguraindar-sakandarra. Larunbatean kontzertua dute Logroñon. Datorren astean, berriz, Iruñean eta Andoainen joko dute.  Jokin Goikoetxea baterianBideoklipa grabatu ondoren, aldaketak egon dira Disturbio taldean. Aritz Igeltz Zigak laukotea utzi du. Istripu baten ondorioz, aldi baterako bateria jo ezinda gelditu den Tripi anaia ordezkatuko du Gatillazo taldean. Aguraingo taldeak ez du urrutira jo Ziga ordezkatzeko: Jokin Goikoetxeak hartuko du bere lekua. Lakuntzarrak ere bideoklipean parte hartu zuen, baina estra moduan. Aguraingo taldeen eta Sakanako musikarien arteko maitasun istorioak ez du etenik.