Lagun Arteak igoera ligaxka jokatuko du

Guaixe 2012ko apirilaren 23a

Hirugarren mailara igotzeko aukera izanen du denboraldi akaberan Lakuntzako taldeak. Izan ere, liga despeditzeko jardunaldi baten faltan sailkapeneko 3. postua ziurtatu du eta igoera ligaxka jokatzeko txartela eskuratu du. Baina kostata. Zelai Berrin Cantolagua irabazi beharra zuten. Lakuntzarrak atsedenaldira markagailuan aurretik zirela joan ziren, baina bigarren zatian Cantolaguak berdindu egin zuen. Lagun Artekoek 5 minuturen faltan lortu zuten garaipena eman zien gola. 49 puntu eta sailkapeneko 3. postua ziurtatu zuten horrela. Subiza liderrak 58 puntu ditu. Ligako azken partida Mutiloan jokatuko du Lagun Arteak, Mutilberaren zelaian. Iruñerrikoak 11. sailkatuak dira eta 36 puntu dituzte.