Kultur artean jai

Guaixe 2012ko maiatzaren 15a

Orain artekoekin alderatuta ospakizun ezberdina hartu zuen igandean Lakuntzako plazak: kulturarteko jaia. Izaskun Andueza Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, pasa den urtean hasitako proiektu baten jarraipena izan zen igandeko ospakizuna. "2. mailako ikasle talde batek, gizarte diagnosia klasean, Lakuntzan integraziorako zeuden alderdi positiboak edo zein elementuk errazten zuten integrazioa; zer oztopo egon zitezkeen eta horiek hobetzeko zein proposamen egon zitezkeen ikertu zuten". Ikerketa parte-hartzaile bat egin genuen, hainbat jaioterriko lakuntzarrek parte hartu zuten. Horiek lakuntzarren artean zabaltzeko antolatu zuten kulturarteko jaia. Pasa den urtean egindako diagnosian azaldutako integraziorako oztopo eta proposamen interesgarriak guztiak ikusgai izan ziren. Haien inguruan lakuntzarren ahalik eta balorazio gehien biltzen saiatu ziren igandean NUPeko ikasleak. Ondoren lakuntzarrendako oztopo eta proposamen garrantzitsuenak zein diren identifikatuko dituzte.Hori izan zen ikasleen egitekoa. Baina ospakizunean, Marokoko, Peruko, Kolonbiako eta bertako lakuntzarrek hainbat tailer martxan jarri zituzten: margotu, idunekoak egiten, aurpegiak margotzen, henna margoak, euskal mitologian oinarritutako karetak eta mitologiak, norberaren izena arabiarrez nola idatzi eta harekin giltzaria egin. Hango eta hemengo jokoak ere izan ziren. Arratsaldean bateko eta besteko jakiak nola egiten diren ikasi eta auzatean dastatzeko aukera izan zen. Gainera, Kolonbia eta bertako dantzak.Anduezak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, "prozesu guztia oso positiboa izan da. Guztia prestatzeko aurreko bileretan jendea izugarri inplikatu da. Marokoarrek haimak muntatzen lagundu gaituzte goizean. Txokoetan parte hartzen ikustea ere oso polita da". Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Departamentuak, Lakuntzako Udalaren laguntzaz, antolatu zuen igandeko ospakizuna.