Corpus egunarekin, ospakizuna

Guaixe 2012ko ekainaren 8a

Corpus Christi egunak festa giroa ekarriko du etzi Lakuntzara.Goiz goizetik izanen da mugimendua, 9:30ean IX. Lakuntza Aralar mendi lasterketa jokatuko delako. Korrikalari batzuk iristerako, 12:00etan, pintura eta lentzeria ikastaroetan egindako lanak ikusgai izanen dira udaletxeko ganboikoan, 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00etara. Elizkizunaren ondoren, lakuntzarrak prozesioan aterako dira eta tartean lehen jaunartzea egin duten haurrak egonen dira. Udal agintariak 19:00etan plazan agertuko dira, Lakuntzako dantzariek haien aurrean Alkate dantza dantzatuko dutelako.Ondoren, 19:30etik 22:30era, Vicentek dantzaldia eskainiko du. Tartean, 20:00etan auzatea izanen da. Uharten eta ArbizunIgandean, Corpus Christi egunean, herri guztietan bezala, elizkizun handiak eginen dira Arbizun. Elizkizunen ondoren prozesioan abiatuko dira arbizuarrak eta, ohi bezala, bidean jartzen diren bi aldareetan geldialdiak eginen dituzte. Bai aldare horiek baita ibilbidean dauden etxe asko eta askotako ateak ere ederki asko apainduak izaten dira loreekin. Bestalde, Uharte Arakilen, prozesioan estandarteak eta beste aterako dituzte. AralarrenCorpus Christi egunean, igandean, Aralarko Santutegian hiru meza izanen dira: 10:00etakoa eta 11:00etakoa elizkizun isilak izanen dira; 12:30ekoa, berriz, meza nagusia izanen da. Azken hori despeditu ondoren, santutegitik Trinitateko ermitara prozesioa eginen da, ohiturari segituz. Elizkizun bakoitzaren ondoren Aralarko aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen da. Bestalde, goizean apaiz bat izanen da fededunen aitortzak hartuko dituena.