Udan antzerkian murgildu

Guaixe 2012ko uztailaren 12a

Lakuntzako Udalak 9-12 urte arteko gaztetxoendako eskaintza berezia egin du udarako: antzerki ikastaroa. Ikastaroa bi astez gauzatuko da, uztailaren 16tik 30era bitartean, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Antzerki tailerreko monitorea Oihane Andueza lakuntzarra izanen da. Antzerkian murgiltzeko metodologia jolasa izango da. "Jolasaren bidez landuko dugu antzerkia" dio Oihanek. Hau ez da Lakuntzan antzerkigintza lantzen duen lehendabiziko aldia. Gogoratu behar da Txingurriye egitasmoaren barruan herriko neska-mutilekin antzerkia eta gorputz adierazpena landu zuela aurretik Oihane Anduezak, Izaskun Igeltzekin batera. Bestalde, herriko gertaera zaharrak lantzea polita litzatekeela uste du lakuntzarrak. "Etxean herriko lehengo kontuak, gertaerak eta pasadizoak galdetzeko eskatuko diegu haurrei. Ea kontu horiek aprobetxatu ahal ditugun zerbait berezia lantzeko" azaldu digu Anduezak. Printzipioz antolatutakoa tailerra da, baina taldearen erantzunaren arabera monitorea irekia dago beste mota bateko emanaldiren bat antolatzera.  Izena ematea Dagoeneko 9 gaztetxo inguruk eman dute izena. Izena emateko azken eguna bihar da, garilaren 13a da, ostirala, udal bulegoetan.