Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den urteko abenduaren 2an hasi ziren, baina garagarrilaren akaberaz geroztik Nasipa enpresako kisusgileak ez daude Lakuntzako zineman lanean. Eraikuntza enpresak eta Lakuntzako Udalak Espainiako Sustapen Ministerioaren jakinarazpena jaso zuten lanak segitzea debekatuz. Ordutik, obrak itxita dago eta ez dago mugimendurik. Izaskun Igeltz Lazkano zinegotziak jakinarazi digunez, "margo lanak eta lau kontu gehiago besterik ez dira falta". Igeltz kexu azaldu da udalak informazio falta duelako. Lakuntzako Udal ordezkariak ere Ministerioan ere izan direla azaldu digu: "lana despeditzeko gutxi falta zela azaldu genien. Lanen itxiturak eskolako patioaren zati bat hartzen duela eta ez dela egokiena ere esan genien. Ahal zutena eginen zutela besterik ez digute esan". Ministeriotik ziurtatu zieten 10 egunetan erantzuna izanen zutela eta Lakuntzako Udalean oraindik zain daude. "Ez dakigu zer egin orain. Aztertzen ari gara. Konponbideren bat eman beharko diogu, lanak ezin baitira horrela utzi", esan digu Igeltzek. Gaineratu duenez, "zenbat eta egun gehiago pasatu enpresari ere kalte-ordain handiago pagatu beharko dio ministerioak ere". Lakuntzako Udalaren asmoa zen eraikin berria agorrilean mustutzea. Baina ezinezko izanen dela dirudi. Bitartean, udalak sustatuta, lakuntzarren artean erantzun oso ona izan duen sinadura bilketa egin da. Eraikin berriaSan Saastin musika eskola, Gure Nahia jubilatu elkartea, kirol jardueretarako eta Elai Alai taldearen dantza entseguetarako gela eta espazio eszenikoa hartuko ditu.