Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urval ensemble klarinete-laukoteak AEBrako bidea hartuko du astelehenean. Jasone Etxebeste lakuntzarraren taldeak Lincoln hiriko (Nebraska-AEB) nazioarteko klarinete jaialdian parte hartzeko gonbidapena jaso du. Aita Donostiaren musika zabalduko dute nazioartean. Urval Ensemble taldeak Euskal Herritik euskal kultura sustatu eta hedatzeko helburua du. Horregatik, Aita Donostiaren musika eramanen du agorrilaren 1etik 5era ospatuko den Lincoln hiriko Clarinet Fest 2012 batzarrera. Aita Donostiaren obra klarinete-laukotera egokitu dute. Mikel Emezabalen moldaketek herri kanten esentzia eta Aita Donostiaren gustu ona eta dotoretasuna mantentzen dute. AukeraUrval Ensemble klarinete-laukoteak bideo grabazioa bidali zuen ClarinetFest jaialdira, eta horrela jaso dute gonbidapena. Europatik bi talde bakarrik joanen dira, eskoziar talde bat eta euskal musika zabalduko duen Urval Ensemble laukotea. Lincoln-eko (Nebraska-AEB) jaialdia munduko klarinete jaialdi garrantzitsuenetako da. Nazioarteko punta-puntako artisten bilgune izanen da. "Goi mailako musikariak entzun, hitz egin, partitura interesgarriak ezagutu eta material pedagogikoa ezagutzeko aukera ezin hobea da" esan digu lakuntzarrak. Lincoln hiriaz gain, klarinete-laukoteak Chicago bisitatuko du. "Musika tradizio handiko hiria da. Aukerarik badugu, han ere joko dugu" esan digu Jasone Etxebestek. Aste eta erdiko bidaiak ateak irekitzea espero dute. Dagoeneko lotuta dituzte kontzertuak Leonen, Tarragonak eta Gent-en (Belgika). Zumaiatik nazioarteraUrval Ensemble klarinete-laukotea Jasone Etxebeste lakuntzarrak (Bb klarinetea), Mikel Emezabalek (Eb eta Bb klarineteak), Marixi Sesmak (Basset horn eta bass klarineteak) eta Carlos Casadok (Bb eta Bass klarineteak) osatzen dute. Laurak klarinete joleak eta irakasleak dira. Klarinetearen zabalkundea eta irakaskuntza helburu dituen Zumaiako Klarinete Maratoian gurutzatu ziren haien bideak. Laukotea osatu eta zenbait kontzertu eskaini dituzte, batez ere, Gipuzkoan. Kontzertuak bi zatitan banatzen dituzte: lehen zatian musika klasikoa, Aita Donostiaren obrak, eta bigarrenean musika ezaguna (soinu banden bertsioak...).AEBetarako bidea hartu aurretik, igandean, 12:00etan, Zumaian joko dute, Valentin Manterola margolariaren estudioan.