Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean futbola bueltatuko da Zelai berrira. Lagun Arteak etxekoen aurrean aurreneko 3 puntuak lortu nahiko ditu. Aurrean Subiza taldea izanen du. Galarkoek bi jardunaldietan partida bakarra irabazi dute, baina horrek sailkapenaren 8. postura eraman ditu. Lakuntzarrak etxean mustu zuten 3. mailako denboraldia. Baina Idoiarekin husna berdindu zuten. Asteburuan, berriz, San Juanen zelaian, Iruñean, 2-0 galdu zuen Lagun Arteak. Lakuntzarrak puntu bakarrarekin sailkapenaren 18. postuan daude, behetik hasita 3.ak. Zuloa utzi eta denboraldiari bestelako ikuspegi batekin heltzeko garrantzitsua izanen da etzi garaipena lortzea. Helburua "Mailari eutsi nahi diogu, baina ezin bada ezin da eta ez da ezer pasatzen. 3. mailaz gozatu ahal izan dugu eta aurrera". Migel Angel Areta Lagun Arteako zuzendaritzako kidearen hitzak dira. Aretak esan duenez, ligako taldeen artean bi maila daude. "Gure mailaren pareko 10 talde daude eta horiekin lortzen dugun emaitzaren arabera eutsiko diogu mailari edo ez". Taldeari dagokionez, iazko jokalariek osatzen dute oinarria. "Eskualdeko fitxaketaren bat eta Iruñeko gazteren bat besterik ez dugu fitxatu", azaldu digu Aretak. Aurreneko partidan jokalariak urduri aritu zela aitortu digu Aretak, "baina San Juanen kontra oso partida ona egin zuten eta pozik bukatu genuen". Golak azkeneko 5 minututan jaso zituen Lagun Arteak, "aurrena, izan ez zen falta baten ondorioz". Berak azaldu digunez, "1.100 biztanleko herri txiki bateko taldea 3. mailan aritzeak meritu handia du". Harro nabarmendu du Lagun Arteak 4. denboraldia eginen duela 3. mailan. JokalariakAtezainak: Ander Agustín Senosiáin eta Eneko OrrioDefentsak: Xabier Bakaikoa Salceda, Ruben Morillas Idoate, Aitor Egurza, Adrian Betelu Martirena, Mikel Nieto Bidarte, Iñigo Palomo Sanguino eta Eneko Cruz Rodriguez Erdilariak: Jonathan Medina Villacastin, Jokin Sala Oskoz, Ruben Ibarrola Adot, Etor Alegria Reparaz, Patxi Beraza Vilches, Joseba Montoya Guisado eta Andoni Ibero.Aurrelariak: Ion Mendieta Yaben, Unai Bakaikoa Salceda, Ricardo Liza Praso, Xabat Goikoetxea Jaka, Iker Mundiñano Galartza, Jonathan Davila eta Alejandro Zabala.Entrenatzailea: Josu Dominguez Dominguez.