Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maila oso ona ematen ari da Lagun Artea. Lakuntzarrak iaz 3. Mailatik jaitsi ziren, baina hainbat talde 2. Mailara igo zirenez, 3. Mailara igo zen Lagun Artea. Espero gabe. Eta inoiz baino hasiera hobea izan dute Josu Dominguezen mutilek. Oso partida lehiatua izan zen Burladesek eta Lagun Arteak larunbatean jokatutakoa. Oso ongi aritu zen Lagun. Egia esan, Burladesekoena izan zen baloiaren jabetza, baina lehen zatiko bukaeran Lagunenak izan ziren gol aukera gehienak. Tamalez, Morillosen eta Unai Bakaikoaren jaurtiketak kanpora eta zurtoinera joan ziren. Bigarren zatian asko presionatu zuen Lagun Arteak eta presio horren ondorioz aurreratu ziren lakuntzarrak, Tousek bere atean sartutako golari esker, baina bukaeran berdintzea lortu zuen Burladesek. Puntu baliotsu bat ekarri zuen etxera Lagun Arteak, baina pena izan zen azken minutuetan hiru puntuak ihes egitea. Dena den, ongi dabiltza lakuntzarrak. Hirugarren mailako liderra Cirbonero da, 22 punturekin. Berdinketarekin Lagun Artea 10.a da, 13 punturekin. Hain zuzen ere Cirbonero liderra hartuko du igandean Lagun Arteak Zelai Berrin.