Lagun Arteak bi penalty huts egin zituen

Guaixe 2012ko azaroaren 26a

Lakuntzako Lagun Arteak Itaroa Uharte taldea hartu zuen igandean Zelai Berrin. Uhartearrak hasi ziren hobe, futbol ederra eginaz, eta horren ondorioz iruindarren lehen gola heldu zen. Lagun Arteak ongi erantzun zuen, partidan sartu zen, baina horrela despeditu zen lehen zatia. Bigarren zatia eromena izan zen. Berazak akatsa izan zuen eta Lagunen atean sartu zuen gola, markagailuan kontrako 0-2 ezarriz. Penalty bati esker lakuntzarrek egoerari buelta emateko aukera izan zuten, baina ez zuten asmatu. Dena den, berehala Nietok gola sartu zuen, 1-2 gerturatuz. Lagun Artea berriro partidan sartu zen eta aldeko beste penalty bat izan zuen, baina hau ere ez zuten sartu. Eta horrela despeditu zen lehia nahasia. Arbitroak lan asko izan zuen. Lagun Arteako 6 jokalariri txartela atera zien eta entrenatzailea aldageletara bidali zuen, eta Uharte Iruñeko 4 jokalariri txartel horia atera zien eta Ripodas jokalaria kaleratu zuen, bi txartel hori ikusi eta gero. Cirbonerok eusten dio 3. Mailako lidergoari, 35 punturekin. Galdu eta gero Lagun Arteak atzera egin du sailkapenean eta 14.a da, 16 punturekin. Asteburuan sailkapenean azkena den Agoitzen kontra jokatuko dute lakuntzarrek, Agoitzen.