Irabazi eta gero, Lagun Artea hamargarrena

Guaixe 2013ko otsailaren 4a

Ongi doazkio gauzak Lagun Arteari. 3. mailarako aparteko prestakizunik ez zuen egin Lakuntzako taldeak, eta txapelketaren 23 jardunaldi jokatuta, balorazioa bikaina da. Sailkapenaren erdian daude lakuntzarrak, maila oso duina emanda. Atzo, esaterako, 1-0 hartu zuten menpean Valtierrano, nahiz eta bi baja oso inportante izan.Egia esateko lehen zatia ez zen oso ona izan, baina 43. minutuan Montoyak gola sartu zuen, Laguneko talde guztiaren jokaldi bikaina borobilduz. Bigarren zatian Valtierranok dominatu zuen. Gol aukera politak izan zituzten Erriberakoek eta bazirudien edozein unetan partida berdintzeko gai izango zirela, baina ezin, eta aldeko penalty bat ere huts egin zuen Valtierranok. Bukaeran, 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren. Cirbonerok eusten dio 3. Mailako lidergoari, 51 punturekin. 4 puntu gutxiago ditu Mutilberak. Irabazi eta gero bi postutan igo da Lakuntzako taldea. Orain 10.a da Lagun Artea, 32 punturekin. Igandean etxean jokatuko du Lagun Arteak, 2 puntu gutxiago dituen Oberena taldearen kontra. Ea garaipen boladak jarraitu eta postuari eusten dioten lakuntzarrek.