Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jaione Etxeberria Anduezak bere doktoretza-tesian gaixotasunen banaketa-geografikoari eta denbora-bilakaerari aplikatutako estatistika-ereduak ebaluatu ditu Berriki, Jaione Etxeberria Anduezak bere doktoretza-tesia irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eta kalifikazio handiena lortu du: gai cum laude. Matematikan lizentziaduna, Etxeberriak, gaixotasunen irudikapen kartografikoari buruzko doktoretza tesia egin du. Eremu geografikoaren arabera dauden heriotza (edo intzidentzia) arriskuak kalkulatzeko erabilitako eredu batzuk sakon ebaluatu ditu bere tesian. Lakuntzarrak esan duenez, "aurreikuspenak ematen dituzten estatistika tresnak oso erabilgarriak izan daitezke gizartearendako; osasunera bideratutako ekonomia baliabideen banaketa hobetzen lagun dezakete". Etxeberriak azaldu duenez, minbiziaren prebentziora bideratutako baliabideen banaketa orain arte erabilgarri dauden hilkortasun kalkuluetan oinarrituta dago, "baina zifra horiek berandu datoz, minbizi-erregistroak eguneratzea konplexua baita. Horregatik, estatistika tresnak eta ereduak oso interesgarriak dira analisi hori egiteko". Hau da, hainbat eskualdetako edo osasun-arloetako heriotza edo intzidentzia arriskuen aurreikuspenak emateko. Bi parametro uztartuzBere tesian proposatutako metodologiaren bidez, hainbat tokitan izan daitekeen minbiziaren heriotza-arriskuen eta kasuen aurreikuspenak lortzen dira. Tesia ontzeko Etxeberriak estatuko 50 probintzietako 1975-2008 aldiko prostata minbiziaren heriotza datuak erabili ditu, eta 2009-2011 aldirako heriotza aurreikuspenak ematen ditu.Normalean, halako lan estatistikoek espazio eta denbora parametro bana dituzte. Bakoitzak gaitzaren eredu geografikoa eta denboran zehar izan duen bilakaera aztertzen du. Batzuetan, espazioa eta denbora konbinatzen dituen hirugarren parametro bat ere izaten da. Lakuntzarrak azken parametro mota horrekin lan egin du bere tesian: "beste proposamen batzuekin alderatuta, tesian garatutako espazio-denbora elkarreragineko estatistika-eredua da aukerarik onena hainbat eremutarako arriskuen aurreikuspenak eta aurreikuspen-tarteak egiteko". Etxeberriaren tesia disease-mapping edo gaixotasunen irudikapen kartografikoa izenaz ezagutzen den estatistikaren esparruan sartzen da. Maria Dolores Ugarte eta Tomas Goikoa NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboa Saileko irakasleek zuzendu dute lakuntzarraren lana: Space-time disease mapping: modelling and forecasting. Etxeberria Matematikan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun irakasle laguntzaile da NUP-en eta elkarlanean aritzen da Nafarroako Osasun Publikoko Institutuan-CIBERESP (Epidemiologiako eta Osasun Publikoko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa). Ikertzaile gisa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako bi proiektutan parte hartu du, hamaika artikuluren egile-kidea da zientzia-aldizkarietan, eta hogeita bost aurkezpen egin ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan.