Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean jendaurrean aurkeztu zen Lakuntzako Euskal Herrian Euskaraz (EHE). Eragile euskaltzaleko kide lakuntzarrek azaldu zuten aurten euren buruari jarritako helburuen artean dagoela Ez zaitez espaloitik jaitsi! mezua zabaltzea. Lelo hori apirilaren 13rako EHEk Agoitzen antolatu duen Euskaraz Bizi eguneko leloa da. Agoizko ospakizuneko leloa Etxarri Aranazko EHEk udaleko euskara batzordearekin sortutako dinamika batetik datorrela azaldu zuten Lakuntzan. Euskaraz hitz egiten dauden pertsonak "espaloitik jaisten dira erdaldun bat agertzean, eta erdaraz hasten dira". Euskaldun izatearen kontzientziaren inguruan lan eginen du, beraz, Lakuntzako EHEren egiteetako bat. Etxarriko eta Altsasuko EHEko taldeen dinamikak azaldu zizkieten aurkezpenean azaldutako lakuntzarrei. Asmo eta erronken artean haietako batzuk baitituzte. Horrekin batera, EHEren ibilbidearen errepaso historikoa ere egin zuten. Aldi berean, Sakanan euskalgintzan lanean daudenen eragileen eta euskarak ibarrean dituen gabezien zerrenda egin zuten.