Sakana kooperatibak Siemensekin akordioa itxi du

Guaixe 2013ko apirilaren 25a

Alemaniako enpresarekin 2.005etik lanean ari badira ere, berriki Hamburgon adostutakoaren arabera, Lakuntzako kooperatiba urte batez Siemens 6MWeko haize-sorgailuen bujeen erreferentziako hornitzailea izanen da. Aurretik izandako negoziazio aldian, Sakana kooperatibak enpresa alemaniarrarendako lau abatz egin ditu. Horiek azterketa eta kalitate kontrol handiak pasa dituzte eta emaitza ona izan denez, kontratua etorri da. Kooperatiba lakuntzarrean pozik hartu dute kontratua itxi izana. "Eskaera honek gaitasun teknologikoa, gaitasuna, konponbideak eta gure bezeroen konfiantzazko lehiakortasun maila dugula erakusten du". Abatzak Haize-sorgailuen hiru palei eusten dien pieza esferikoa da abatza. Bere egitekoa da haizetik hartutako potentziaz, energia mekanikoa energia elektriko bihurtzea. Lakuntzako kooperatiban 50 tona eta 5 metroko diametroko piezak eginen dituzte Siemensendako. Estatuan haize sektorera bideratutako galdategiko piezarik handiena da. Halako piezak Europan galdategi gutxik egin ditzaketela esan du.172 langile1975ean sortu zen Lakuntzako galdategia. Sakana kooperatibak azken hamarkadan 65 milioi euroko inbertsioa egin du. 2002 eta 2004 artean makineria eta azpiegiturak modernizatu zituen, baita galdaragintzako lehen pabilioia ere. 2008an 160 metro luze eta 23 metro altu dituen pabilioia eraiki zuen. Labe modernoagoak eta 60 tona arteko piezak erabili ahal izateko pieza gaitasuna duena. Gainera, lehiakortasuna handitzeko eta bere produktuari balio erantsia gehitzeko Sakana kooperatibak jarduera osagarriei ekin zien. Soraluce makina-erreminta enpresarekin batera Lakber mekanizatu tailerra sortu zuen. Tratamientos Algoirekin batera, berriz, Goilak pintura tailerra sortu zuen. Inbertsio horien ondorioz jartzeko prest dauden galdatutako, mekanizatutako eta margotutako piezak eskaini ditzake Sakana kooperatibak gaur egun.102 bazkide langile eta 70 langile ari dira. 2012an 50 milioi fakturatu zuen, %75a kanpoan. 2000 eta 2008 urteen artean 6.000 tona ekoiztetik 24.000 ekoiztera pasa zen. Orduan 200 langiletik gora izatera izan zituen kooperatibak. 2009an krisialdiak kooperatiba kolpatu zuen eta eskaerak jaitsi egin ziren. Ondorioz 18 kaleratze eta kooperatibista ez ziren langileen kontratuak aldi baterako eteteko espedientea onartu zuen. Azken bi hamarkadetan haize sektoreko enpresa handienak hornitzen espezializatu da (Acciona, Gamesa, General Electric, Fagor, Heller, Rolls Royce, Siemens, Wartsila eta Weir ditu bezero). Haize sektoreaz gain tamaina handiko galdategiko pieza teknikoetan hornitzaile nagusienetakoa bihurtu da, bai makina-erremintan baita itsasontzien motorren egileendako ere.