Lakuntzarena, Ikurrina

Guaixe 2013ko maiatzaren 9a

Lakuntzako Udalak Espainiako bandera udaletxean jartzeko agindua jaso zuen. Gainera ikurrina kentzeko eskatzen dute, beste erkidego batekoa dela egotzita. Nafarroako banderari dagokionez, goiko aldean koroa duen bat jartzeko eskatu diote ere udalari. Horren aurrean, 1979tik gaur egun arte izandako hogeita hamar zinegotzi bildu ziren "gure sinboloen defentsa egiteko". Udal batzuk auzibidean ari dira, beste batzuk bandera jartzera behartu dituzte jada. Legeak dioen arabera hiru bandera jarri behar dira: Nafarroakoa, Espainiakoa eta udalerrikoa; ikurrina, aldiz, kendu behar da. Lakuntzak Espainiako bandera jartzeko eta ikurrina kentzeko aginduari helegitea jarriko dio "kontzientzia eragozpena" argudiatuz. "Gure herriaren gehiengoaren borondatearen kontrako inposizio bat da. Urteetan egindako borroka eta mobilizazioren ondorioz lortu dugu. Nazioa garela lau haizeetara aldarrikatzen jarraituko dugu". Horretarako, Lakuntzako udaletxean "Hau bai, gurea" leloa irakurri daitekeen olana jarri zuten larunbatean. Ikurrina 1977an legeztatu zuten, frankoren heriotzaren ondoren. "Ikurrina beti frankoren kontrako sinboloa izan da". Lakuntzan 1982ko festetan jarri zuten lehenengoz, baina Guardia Zibilak herrian zehar jarritako bandera guztiak kendu zituzten eta udaletxera igo ziren hau ere eramateko. Ordutik, festetan bakarrik jartzen dute Lakuntzako udaletxean ikurrina. Sinboloen kontrako "erasoa" duela 500 urte hasitako konkistaren ondorioa dela diote hautetsi lakuntzarrek. "Politikoki lortu ez dutena errepresio eta inhabilitazioaren bidez lortu nahi dute, gure herrietako alkateak kriminalizatuz".