Lagun Artea 14.a: hurrengo denboraldian 3. mailan jarraituko du

Guaixe 2013ko maiatzaren 20a

Despeditu da 3. mailako denboraldia. Lakuntzako Lagun Arteak denboraldi polita egin du eta 3. mailari eustea lortu du, denboraldi hasieran oso zaila aurreikusten zen helburua. "Mailari eutsi nahi diogu, baina ezin bada ezin da eta ez da ezer pasatzen. 3. mailaz gozatu ahal izan dugu eta aurrera" adierazi zuen Migel Angel Areta Lagun Arteako zuzendaritzako kideak denboraldi hasieran. Hortaz, kategoria mantentzearen helburu oso konplikatua bete dute Josu Domingez entrenatzailearen mutilek, eta, alde horretatik, kontentu daude Lakuntza aldean. Jokalari gehienak lakuntzarrak eta sakandarrak dituen taldearendako lorpen handia da hori. Izan ere, 1.100 biztanleko herri txiki bateko taldea 3. mailan aritzeak meritu handia du. Denboraldiko azken partida Murtxanteren kontra jokatu zuen Lagun Arteak larunbatean etxean, eta tamalez, lakuntzarrek ezin izan zieten euren zaleei garaipena eskaini ahal izan. Lehen zatian ez zen aparteko jokaldirik egon, baina bigarren zatia nahiko mugitua izan zen. Alexek Murtxante aurreratzea lortu zuen eta Lagun Artea erasora pasa zen, aurreratua jokatuz, baina defentsa akats bati esker 0-2 gailentzea lortu zuen Murtxantek. Egia esan, liga hasieran eta erdialdean hobeto aritu zen Lagun Artea, eta behin kategoria mantentzearen helburua lortuta, lasaiago aritu dira, presiorik gabe. 3. maila azken jardunaldian erabaki da. San Juan taldeak irabazi du (80 puntu), Mutilberari 2 puntu aterata (78 p.). Lagun Artea 14. postuan sailkatu da (45 puntu). Hurrengo urtean 3. mailan jarraituko dute, sari bikaina.