Parkearen alde, kontzertuak

Guaixe 2013ko maiatzaren 24a

Lakuntzako zineko lanak hasi zirenean parkea lekualdatu behar izan zen, parkea zinearen atzealdean zegoelako. Denbora tarte batean bertatik gertu zegoen plaza batera eraman zituzten parkeko trasteak, baina lekualdatzea zela medio eta berez zabuak, txirristak eta beste nahikoa hondatuta zeudelako, ez zuen nahikoa segurtasunik behin-behineko parke horrek. Gainera, bertan dauden etxebizitza batzuetan obrak hasi zirenez, parke hori itxi zen eta ordutik Lakuntzako erdialdean ez dago parkerik. Soilik Mankomunitatearen eta igerilekuen ondoan dagoen parkea dago zabalik. Parkea Martxan taldearen sorreraAurreko urteko ekainean, Espainiako Gobernuak zineko lanak geldiarazi zituenean, dirurik ez zegoela argudiatuz, eta egoerak luze joko zuela ikusterakoan, Udalak herriko talde, guraso eta interesatu guztiei laguntza eskatu zien guztien artean parke berri bat sustatzeko. Horrela, Parkea Martxan ekimena jaio zen. Taldeak aisialdi gunea berritzeko proiektu bat egin zuen, lau gune zehaztuz: haurrendako parkea, txikienendako jolas eremua duena; areto futbolerako eta saskibaloirako hormigoizko pista; belarrezko futbol zelaia - azken bi hauek egun badaude baina txukuntzea eta ongi jartzea da asmoa - ; eta mahaiak eta altzariak izango dituen gunea. Dirua behar zela jakitun, dirua lortzeko makina bat ekitaldi antolatu zituzten: Gabonetako saskien zozketak, San Saastin festetako barra, 2. eskuko azoka, eta beste hainbat. Ekimenek aurrera jarraituko dute larunbaterako prestatu den festarekin.Lanak aurten egiteko asmoaLakuntzako Udalak aurtengo aurrekontuen onarpenean erabaki duenez, aurten urbanizatuko du zinemaren, eskolen eta parkearen ingurune guztia. Honek parkeari bultzada emango dio. Lanak udan egin nahi dituzte, hurrengo ikasturterako prest egoteko. Parkea Martxan ekimenaren ardura parkea janztea izango da, hau da, jolasparke egituratua eta ez egituratua egitea. Lanak auzolanean eginen dira eta jokoak eta beste muntatzen irailetik aurrera hasi nahiko lukete. Udaletik Parkea Martxan taldea egiten ari den lana nabarmendu eta eskertu nahi izan dute. Bitartean, dirua lortzeko ekimenek aurrera jarraitzen dute Lakuntzan. Kontzertuak plazan: herritarrak partaideHasiera batean ekitaldiak igerilekuetan antolatzea zen asmoa, baina eguraldi ona egingo duela ziurtatu ezin denez, ekitaldiak Lakuntzako plazan burutuko dira, karpa azpiko babesean. Batetik, arratsalde partean adin guztietarako ekitaldiak izanen dira: haurrendako puzgarriak, dantza afrikarren ikuskizuna, bandurria eta kitarrak jotzen dituzten lakuntzarren kontzertua eta beste. Eta, gauean, rock kontzertuen txanda izango da. Los del Rayo talde mitiko altsasuarra izango da oholtzara igotzen lehena, Ricardo Areta, Kata eta Ibai Hernaiz lakuntzarrek Longi Anduezarekin batera osatutako La banda del jefe Biguni txanda emanez. Gainera, rock kontzertu hauek gauzatzen diren bitartean Kale artistak zuzenean margotuko du. Rock izarren erakusketa bat aurkeztu zuen Lakuntzan eta Altsasun duela gutxi lakuntzarrak, arrakasta handia izan zuena, eta ikusiko dugu zuzenean zer egiteko gai den.  Egitaraua17:00etan: Karaokea eta puzgarriak18:30ean: Bandurrien kontzertua / kantaldia19:30ean: Alkora drun sesion: perkusioa eta dantza afrikarrak23:00etan: Los del Rayo1:00etan: La banda del jefe Bigun + J. Kale margotzen* Oharra: Sarrera 5 euro (16 urtetik gora). Edariak eta ogitartekoak salgai.