Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatza akabera edo garagartzaro hasiera aldera, urtero, Elai Alai dantza taldeak bere eguna ospatzen du. "Ikasturte akabera bezala da, ongi pasatzeko egun bat" dela azaldu digu Hodei Flores dantza irakasleak Beleixe Irratian (FM 107,3). Berarekin batera Olaia Martiarena eta Garazi Garin aritzen dira egiteko horretan Elai Alain.Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranazko 50 bat dantzarik osatzen dute Elai Alai. 5 eta 27 urte bitarteko dantzariak, adin tarteka talde ezberdinetan bilduta. Handiena ez beste guztiak txikien taldeak dira. Floresek azaldu digunez, mutiko eta mutil faltan daude Elain Alain eta taldean parte hartzera animatu dituzte.Elai Alai eguna 12:30ean hasiko da, taldearen kalejirarekin. "Normalean kalejira berdina egiten da. Baina aurten aldatu egin dugu, Lakuntza ere hazi baita. Beti alde batera joaten gara eta orain beste alderantz, Arruazurantz, joanen gara" argitu du Floresek Beleixe Irratian (FM 107,3). Bidean hiru geldialdi eginen dituzte, dantza saio motzak, jendea plazara erakartzeko asmoz. 13:00ak pasatxo direnean plazan ekitaldi txiki bat eginen dute. Elai Alai taldekoek lauzpabost dantza emanen dituzte. "Beti taldeko denok batera dantzatuz bukatzen dugu. Ikasturtean talde guztiek dantza berri bat ikasten dute eta egun honekin erakusten dugu". Zein dantza den jakin nahi duenak Lakuntzako plazatik pasa beharko du, dantzariek eta irakasleek besterik ez dakitelako zein den dantza hori. Eguraldiak ez balu lagunduko frontoira aldatuko litzateke saioa.Taldea Bazkaltzera eta ongi pasatzera bilduko dira guztiak. "Denok batera gauden ekitaldirik ez daukagu. Saansastinetan txikiek dantzatzen dute eta agorrilekoetan guk, helduok.. Horregatik sortu genuen Elai Alai eguna, denok batera egoteko", horrela azaldu digu Floresek biharko egunaren garrantzia. Ondoren Arbizuko, Etxarriko eta Bakaikuko festetan ere ariko dira. Elai Alaik Iruñeko Folklore egunean parte hartu zuen eta taldea sortzen zaienetan aritzen da. Floresek Beleixe Irratian (FM 107,3) aitortu duenez, "nahiko genukeena baino gutxiago ateratzen gara. Ez dago diru asko, autobusa alokatzeko eta beste".Alkate dantzaKorpus eguna da igandean eta, 19:00etan, plazan da hitzordua. Elai Alaikoek irakatsi badiete ere, kintoek eta kinto gazteek dantzatuko dute. "Urte asko dituen dantza da eta alkateari eta udalari dantzatzen zaio. Herri guztietan dagoen zortzikoa edo dantzakiaren modukoa litzateke", azaldu du Floresek, ahaztu gabe Lakuntzan beste dantza bat ere badutela: Lakuntzako Pertzako dantza. Gazteen saioaren ondoren, 19:30etik 22:00etara Iñakik dantzaldirako doinuak jarriko ditu eta auzatea izanen da.