Parke eguna, arrakastatsua

Guaixe 2013ko eka. 20a, 19:32

Lakuntzako Parkea Martxan taldea iaz hasi zen lanean, parke berria egin ahal izateko dirua biltzeko. Ordutik hainbat ekitaldi antolatu dituzte, larunbatean ospatutako Parkearen Eguna barne. Goizetik hasita, eguraldia lagun, makina bat ekitaldi izan ziren Lakuntzan: erraldoi eta buruhandiak, Elai Alai dantza taldearen emanaldia, haurrendako jolasak... eta, arratsaldean, kantuz betetako musika ekitaldia. Izan ere, herriko haurtxoetatik hasita, helduenetara arte, makina bat kantu eskaini zituzten oholtza gainera igo ziren lakuntzarrek, festen antzera beteta zegoen plazan. Aldi berean, dirua ateratzeko tabernatxoa eta 2. eskuko postua jarri zituzten.

Bozketa
Parkea Martxan taldeko Jone Aretak egunaren balorazio oso positiboa egin zuen. "Taldearen helburua zen parkea lortzeko diru bilketa egitea eta herriko talde guztiak, oso anitzak direnak, helburu berdin batengatik elkartzea. Eta lortu dugu. Jai giroa eman nahi izan diogu egunari eta oso ongi atera da".

Larunbatekoa kontuan hartu gabe, taldeak 13.000 euro inguru bilduak ditu eta aurrekontu horretara mugatuta parke egituratua egiteko diru laguntzak eskatu zituzten. "Parkeko altzarietarako lau proposamen ezberdin jaso ditugu eta 3-12 urte bitarteko haurrek gehien gustatzen zaiena bozkatu dute. Eta boto gehien dituen proposamena izango da aukeratuko dena. Horretaz gain, zonalde ez egituratua ere beraiek diseinatuko dute, beraiek esango digute zer nahi duten" gaineratu zuen Aretak. Atzo gauean egitekoa zen boto zenbaketa. Aurki dira astekoak urbanizazio lanak, eta haiek bukatutakoan, iraila-lastaila aldera jarriko dira parke berriko altzariak.