Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Futbolean mugimenduak daude, eta oraingoan Lagun Arteari tokatu zaio. Lakuntzako taldean oso kontentu zeuden Josu Dominguez entrenatzaileak egindako lanarekin - lakuntzarrek 3. Mailari eustea lortu zuten - eta beste denboraldi baterako berritu zioten kontratua. Baina aldaketak etorri dira. Osasunan goitik beherako aldaketak egin dituzte eta horren eragina Lakuntzan nabaritu da. Enrique Martin Monreal Osasunako futbol harrobiaren arduradun berriak goitik behera eraldatu du organigrama. Horrela, Iosu Dominguezi emakumeen futbol taldearen ardura bere gain hartzea proposatu zion, eta Dominguezek emakumeen maila nazionalean dabilen taldearen ardura hartzea onartu du. Osasuna efektuaLagun Arteako Jesus Mari Goikoetxeak azaldu digunez, ulertzekoa da Dominguezek eskaintza onartzea, "Osasunak beti beste proiekzio bat duelako". Eta, dagoeneko, Lagun Arteak aurkitu du Dominguezen ordezkoa: orain arte Osasunako emakumezkoen entrenatzailea zen Jose Luis Satrustegi, hain zuzen. Beraz, nolabaiteko trukea egon da. "Jose Luis aspalditik ezagutzen dugu eta bere etorrerarekin kontentu gaude. Bi aldeak ados gaude trukaketa berezi honekin. Satrustegi 7 urte inguru izan zen Etxarriko entrenatzaile, Altsasun ere Claverrekin batera egon zen lanean eta Txantrean beste urte pare bat. Eskarmentu handiko entrenatzailea da eta kontentu gaude" azaldu du Goikoetxeak. Lagun Arteak uztailaren 17an hasiko ditu entrenamenduak. Abuztuaren 2an Txantrearen kontrako lagun arteko partida jokatuko da Lakuntzan, eta gero etorriko dira beste batzuk. Ion Mendieta Osasunako kadeteekinOsasunako futbol harrobiko aldaketek beste ondorio bat izan dute Lagun Artean. Ion Mendieta Laguneko jokalaria Osasunako 2. mailako kadeteen prestatzaile fisiko berria izango da, bigarren entrenatzailea, Piotrek Urban entrenatzailearen alboan lan eginez. Uharte Arakildarrak Laguneko futbolari izaten jarraituko du, eta bi egitekoak txandakatuko ditu. "Iaz Osasunako emakumezkoen prestatzailea izan zen, eta aurten kadeteetara pasako da. Baina Lagun Artean jokatzen jarraituko du" aipatu digu Goikoetxeak. Teknifikazio zentroa AltsasunOsasunako harrobiko arduradun Enrique Martin Monrealek azaldu duenez, Osasunak bi teknifikazio zentro berri jarriko ditu, Donezteben eta Altsasun. Horrela, bertako jokalariei segimendu gehiago egingo zaie. Bestalde, Taxoareko futbol metodologian eta lan egiteko filosofian aldaketak egingo dituzte. Osasunako harrobiko talde guztietan, futbol basetik hasi eta promesetara, praktikan jarriko duten futbol eskema 4-4-2 izango da. Horrekin batera, jokalariei eskatuko zaie presioa landu dezatela, buruzko erremateak landu ditzatela eta bat-batekoaren kontrako jokoa landu dezatela.