Haurrak auzolanean

Guaixe 2013ko uztailaren 4a

Larunbatean auzolana zegoen deituta Lakuntzan. Baina auzolan berezia izan zen, Lakuntzako Udalak 10-12 urte arteko haurrak deitu baitzituen herriaren alde lan egitera. 30 neska-mutiko inguruk erantzun zioten udalaren deiari eta lan polita egiten aritu ziren: herriko zaborrontziak margotzen. Zaborrontziak horiz - ontziak eta beste jasotzeko - , grisez - errefusa jasotzeko - eta berdez - organikoa jasotzeko - marraztu zituzten. Lana eta ardura garatuOihane Uribetxeberriaren esanez, zenbait helburu lortu nahi izan dituzte haurrak auzolanera deitzearekin. "Batetik, herriaren alde lan egiteko kontzientzia hartu dezatela. Eta, aurrekoarekin lotuta, ardura garatzea. Beraiek lana egin dute zaborrontzi horiek margotzen, eta, pentsatzekoa da gero hobeto zainduko dituztela. Hirugarrenik, gauzak birziklatzearen garrantzia ikasi dute. Hondakin sistema berria modu egokian egiteko zaborrontzi berriak jarriko ditugu herrian, baina zahar hauek ere erabilpen berri horretarako egokitu dituzte haurrek, zaborrontzi bakoitza dagokion koloreaz marraztu baitituzte. Eta, bukatzeko, hemendik aurrera zaborrak non eta nola bota behar dituzten ikasi dute: ontziak horira, errefusa grisera..." adierazi digu Uribetxeberriak. Haurrak oso gustura aritu ziren auzolanean, eta, jakina, hamaiketakoarekin berreskuratu zituzten indarrak. "Esperientzia oso positiboa izan da. Beraiek herriaren alde lana eginez ongi pasatu zuten eta helduok ere. Izan duen arrakasta ikusita aurrerantzean ere halako deialdiak egingo ditugu" gaineratu du Uribetxeberriak.