Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Valtierrano taldeak sorpresa eman zuen Lakuntzan eta jokoan zeuden 3 puntuak eskuratu zituen, merezimendu osoz. Hasieran zelaian hobe kokatuta aritu ziren lakuntzarrak, baina defentsa akats baten ondorioz lehengo gola sartu zuen Valtierranok. Lagun Artea partida berdintzen saiatu zen, baina kontraeraso baten ondorioz bigarren gola sartu zuten Erriberakoek. Atsedenaldian Luis Satrustegik bi aldaketa egin zituen egoerari buelta eman nahian. Horrela, Gascoren irteerarekin Lagun Arteak gol aukera politak izan zituen, baina zoritxarrez bi baloik zurtoinaren kontra jo zuten. 75. minutuan arbitroak Xabi Bakaikoa kanporatu zuen falta bat egiteagatik. Horrek taldea hautsi zuen eta Valtierranok beste bi gol sartu zituen, 0-4 gailenduz. Mutilbera da 3. Mailako lider berria (9 puntu), Izarrarekin puntutara berdinduta. Lagun Artea 15.a da, 3 punturekin. Asteburuan puntu bakarrarekin azkena den Murtxanteren kontra jokatuko dute lakuntzarrek.