Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako zine zaharreko lanek makina bat buruhauste eman dizkio Lakuntzako Udalari. Espainiako Gobernuaren ardura izan da zinema berritzea, NaBaik 2007ko Espainiako aurrekontuan hura berritzeko aurkeztutako emendakin bati onespena eman eta gero. Zinema berritzeko lanak hasi, hasi ziren ¬ - bertan, besteak beste, San Saastin musika eskola, jubilatuen egoitza, Elai Alai dantza taldearen egoitza, kultur erabilerarendako erabilera anitzeko gelak eta beste egotea aurreikusten da - , baina obrak bukatzear zeudela, joan den urteko garagarrilean, lanak geldiarazi zituen Espainiako Gobernuak, diru faltagatik. Ondorioz, zinema despeditu gabe, haren eta eskola aurreko urbanizazio guztia egin gabe eta parkerik gabe geratu zen Lakuntza. Ez aurrera ez atzera. Izan ere, parkea aipatu obren tokian bertan zegoenez, desmuntatu behar izan zen, eta zabuak, txirristak eta beste nahiko hondatuta zeudenez, parke berria egitea erabaki zen, segurtasun aldetik ez zirelako behar bezalako baldintzak bermatu.Egoera desblokeatzeko Lakuntzako Udalak urbanizazioko lanak egitea erabaki zuen aurten. Zinemako urbanizazioko lanak (100.850 euro) eta eskolen eta parkearen inguruneko urbanizazio lanak (108.183 euro) egitea erabaki zen. Udan egin ditu Arian enpresak. Baina Udalak ez du kostu hau bere gain hartzeko asmorik. Bere garaian, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioari errekerimendu bat bidali zion Udalak, zinemako lanak lehenbailehen egiteko eskatuz. Bestela, betearazte subsidiarioa aplikatuko zuela azaldu zion Udalak Gobernuari, hau da, laneko fakturak aipatu ministerioari pasako zizkiola. Eta hala egin dute. "Bide judizialetik joango gara. Lanak bukatuko ditugu, eta faktura guztiak Madrilen aurkeztuko ditugu. Lehen musika eskola genuen zinema zaharrean, eta obrak hasi zirenetik gabe geratu ginen. Bide horretatik joango gara" azaldu digu Jose Ramon Garin alkateak.Elkartasunaren indarra: enpresetatik herritarretaraUrbanizazio lanak enpresa batek egin ditu, baina eskolen aurreko metalezko itxitura guztia, aldiz, boluntarioei eta auzolanei esker egiten ari da Udala, "dirua aurrezteko". Lakuntzako hainbat enpresa edo lakuntzarrenak diren hainbat enpresa - Industrias Barga, Saprem, Lakumatek zurgindegia, Galvanizados Lacunza... - itxitura egiteko lanetan kolaboratzen ari dira: bai materiala uzten, materiala egiten eta kokatzen, edo euren langileen esku lana jartzen. Horretaz aparte, hainbat boluntario hesitura egiteko lanetan buru-belarri ari dira egunotan. Soldatzen eta metalean lan egiten duten lakuntzarrak dira bereziki boluntario horiek. Eta Lakuntzako gaztetxoak ere inplikatuta daude: auzolanez makina bat ohol kolorez margotu dituzte, gero ohol hauek hesian jartzeko."Oso eskertuta gaude lakuntzarren konpromisoarekin. Borondatez makina bat jende etortzen ari da bai margotzera, hesiturako lanak egitera. Baita parke berria jartzera eta parkeko gunea txukuntzera ere. Jendeak konpromiso asko du honekin guztiarekin eta auzolanera deitu ditugun haur eta gazteek ere oso ongi erantzun dute. Ez dugu hitzik eskertzeko" gaineratu du alkateak.Garinek uste du bizpahiru astetan bukatuko direla lanak. "Boluntarioek itxitura lanekin jarraitzen dute. Bestalde, aste honetan da etortzekoa parkearen egitura eta altzariak eta dagoeneko jendea geratua dago parke berria izango dena kokatzen hasteko. Hurrengo auzolanak ere guztia txukun jartzera bideratuko ditugu. Asmoa da guztia bi astetan bukatuta egotea".GerokoakZinema berriko eraikinarekin nola jokatu, ordea, ez dute zehaztu. "Momentuz urbanizazioa eta parkea bukatzea da asmoa eta gero ikusi beharko dugu zenbakiz nola gauden. Jubilatuen egoitza eta beste... aurrerago baloratuko dugu nola egin. Plazako lanak egiteko erresoluzioa ere iristear dago eta baiezkoa ematen badigute hurrengo urtean plaza berritzea ere planteatu beharko genuke. Numeroak egin behar ditugu. Urtea ongi eramaten ari gara, gastuak ongi kontrolatzen eta diru sarrerak ere handitu ditugu. Ea denarendako ailegatzen den. Saltsa asko daude" adierazi digu alkateak.ParkeaZinemako lanak gelditu zirenean, Udalak herriko talde, guraso eta interesatu guztiei laguntza eskatu zien guztien artean parke berri bat sustatzeko. Horrela jaio zen Parkea Martxan izeneko ekimena. Taldeak parkeko aisialdi gunea berritzeko proiektu bat egin zuen, lau gune zehaztuz: haurrendako parkea, txikienendako jolas eremua duena; areto futbolerako eta saskibaloirako hormigoizko pista; belarrezko futbol zelaia; - azken bi hauek egun badaude baina txukuntzea eta ongi jartzea da asmoa, urbanizazio lanekin egin dena - eta mahaiak eta altzariak izango dituen gunea. Dirua behar zela jakitun, dirua lortzeko makina bat ekitaldi antolatu zituzten: Gabonetako saskien zozketak, San Saastin festetako barra, 2. eskuko azoka, Parkearen eguna eta beste. Aisialdi gune guztiaren aurrekontua 24.000 euro ingurukoa da, eta ekitaldi guztiekin 15.000 euro inguru lortu ditu ekimenak.Bildua zuten diruari mugatuta, parkeko altzarietarako aurrekontuak eskatu zituen Parkea Martxan ekimenak lau enpresatan. Horrela, lau proposamen bildu zituzten eta horien artean gustukoena aukeratu zuten haur lakuntzarrek, bozketa bidez. Lehengo aukerak (Cantabroak) 80 boto lortu zituen, 2. aukerak (Sumalim) 132 boto, 3. aukerak (Konpani) 87 boto eta 4. aukerak (Lurkoi) 66 puntu. Beraz, Sumalim etxeko altzariak izango dira Lakuntzako parkean kokatuko direnak.