Pilota eskola sortu da Lakuntzan

Guaixe 2013ko urriaren 9a

Lakuntzak bere kirol eskaintza zabaldu du eta hemendik aurrera pilotan trebatu ahal izango dira hala nahi dutenek. 22 gaztetxok eman dute izena Lakuntzako pilota eskolan aritzeko eta aurreko ostegunean egin zuten lehendabiziko entrenamendua, Ander Lopetegi pilotari afizionatu lakuntzarraren begiradapean. Izan ere, Ander Lopetegiri esker sortu da pilota eskola. Nafarroako Pilota Federazioarekin jarri zen harremanetan, eta bertatik jaso du beharrezkoa izan duen laguntza. Horretaz gain, Lakuntzako Udalak begi onez ikusi zuen asmoa eta frontoia erabiltzeko eskariari baiezkoa eman zion. Lakuntzako pilota eskola berriak erantzun bikaina izan du. 5 eta 11 urte arteko 22 gaztetxok eman dute izena. 3 multzotan banatu dituzte eta asteartetan eta ostegunetan entrenatuko dute: 6 urtera artekoak 17:30etik 18:15era,  7-8 urte artekoak 18:15etik 19:15era eta 9 urtetik gorakoak 19:15etik 20:15era. Helburua haurrak pilotan hastea da, entrenatzeko sistema berri eta entretenigarri baten bidez. Jokoen bidez, teknika ariketak landuz eta partidatxoak eginez egituratutako entrenamenduekin murgilduko dira pilotan.