34 urte eta gero Mikel Arregi gogoan

Guaixe 2013ko aza. 15a, 08:51

Guardia Zibilak kontrol batean tirokatutako zinegotzi lakuntzarraren aldeko manifestazioa izanen da, larunbatean, 12:30ean, Lakuntzan1979ko azaroaren 11n Guardia Zibilak Lakuntzako udalean Herri Batasunako zinegotzia zen Mikel Arregi lakuntzarra hil zuen Etxarri Aranatzen, 33 urte zituela. Arregi eta haren lagun batzuk Ziorditik etortzen ziren, Lakuntzako Pertza eguneko tripotak ordaintzetik. Etxarritik pasatzerakoan, Guardia Zibilak autoa tirokatu zuen eta zinegotzi gaztea hil egin zuen. Guardia Zibilaren esanetan, lakuntzarrek Etxarrin zegoen kontrola saltatu zuten, baina lekukoek diotenez han ez zen kontrolik eta Guardia Zibilak zuzenean tirokatu zuen autoa.

Mikel Arregi Marin Tomasenekoa etxekoa zen. Lakuntzako zinegotzia zen, Herri Batasunako militantea, Sakana Kooperatibako fundatzaileetariko bat eta herriko zenbait kultur ekimenetan parte hartzailea. Lagun Artea futbol taldeko jokalaria, "Mele" ezizenaz ezagutzen zuten. Guardia Zibilak tirokatu zutela jakin bezain pronto, erantzuna berehalakoa izan zen: batzarrak eta manifestaldiak egin ziren herri guztietan eta greba orokorra deitu zen Euskal Herri osoan. Lakuntza jota geratu zen eta Arregiren aldeko hileta elizkizuna plazan egin behar izan zen, Lakuntzara hurbildu zen jende uholdea hartzeko. Jakina, makina bat deialdi bortizki erreprimitu zituen Guardia Zibilak.

Epaiketa

Mikelen hilketa Nafarroako Parlamentuan tratatu zen eta baita Estatuko Senatuan ere. Handik egun gutxitara ikerketa batzorde bat antolatu zen. Lekukoek bertan adierazi zuten tirokatutako tokian ez zegoela inongo kontrolik. 1981ean tiroketan parte hartu zuten Guardia Zibilen kontrako epaiketa izan zen eta "zuhurtziagabekeria soila" delitua egitetik kondenatu zituzten, 3 hilabeteko kartzela eta ordain sari sinboliko bat familiarendako. 

Egia eta aitortza

Hori da Mikel Arregi lagunak taldeak eskatzen duena, "egia, aitortza eta erreparazioa, Mikelen familia eta lagunei eta Euskal Herrian estatuaren biolentzia jasan duten herritar guztiei". Bakea da helburua, baina "Euskal Herrian, justizian, min guztien aitortzan, egian eta erreparazioan oinarritutako bakea behar dugu. Horrez gain, berriz gertatuko ez denaren bermea zor zaigu, eta horretarako, etorkizuna zutabe demokratiko sendoetan oinarrituz eraiki behar dugu, non herri bezala dagozkigun eskubideak - erabakitzeko eskubidea - eta norbanakooi dagozkigunak - giza eskubideak - denontzako bermatuta egonen diren" adierazi dute Mikel Arregi Lagunak taldekoek.

Manifestazioa

"Egiaren bidean, astatasuna amets. Mikel gogoan!" lelopean  manifestazioa deitu dute Mikel Arregi Lagunak taldekoek larunbatean Lakuntzan, 12:30ean. Ondoren ekitaldi politikoa izanen da. "Mikelen monolitoak hamaika eraso jaso ditu, oroitzapen plaka sarritan lapurtu dute baina Mikelen memoriak dirau. Sakanan ez dugu ahaztu, baina etorkizuna ilusioz begiratzen dugu, askatasunaren aldeko militanteen biziak ezin direlako alferrikakoak izan" nabarmendu dute lagunek.

Plaka berria

Etxarri Aranatzen lakuntzarraren oroigarria dago eta haren ondoan, lurrean, plaka batek gogorarazten du Mikel Arregi. 2009ko urteurrenean senideak Etxarrira lore eskaintza egitera joan zirenean ohartu ziren norbaitek plaka kendu zuela. Orain berriro jarri egin dute. Jose Ramon Anda artista bakaikoarrak egindako oroigarriak hainbat eraso jasan ditu 1980an jarri zutenetik. Erroetatik atera izan dute behin baino gehiagotan eta lehergaiak jarri dizkiote bitan, trilita eta Goma 2 erabiliz. Zaharberritu eta gero, 2004tik oroigarria egungo kokapenean dago, Etxarri Aranazko Mikel Arregi plazan.