Bakerako bidean indarkeria guztien aitortza eskatu zen Arregi gogoratzean

Guaixe 2013ko azaroaren 18a

Duela 34 urte Guardia Zibilak kontrol batean hildako Mikel Arregi HBko zinegotzia izan zuten larunbatean Lakuntzan. 500 bat pertsonak parte hartu zuen deitutako manifestazioan. Sorturen ordezkaritza zabala izan zen Lakuntzan: Amaia Izko, Bixente Goikoetxea eta Juan Kruz Aldasoro Kontseilu Nazionaleko kideak eta Maitane Intxaurraga Nafarroako Kontseiluko kidea.Frontoian herriko musikariek girotutako ekitaldia izan zen, zeinetan Rafael Pellejero zinegotziak eta Amaia Izko Sortuko kideak hitza hartu zuten. Pellejerok Mikel Arregi Lakuntzako zinegotzia zela gogora ekarri zuen lehen lehenik. Bake gizona zela eta bere herriarekin konprometitua zegoela esan zuen. Garai berriak kontuan hartuta, adierazi zuen bakea ez dela bat etortzen gorroto eta mendekuarekin, minarekin eta gaineratutako sufrimenduarekin. "Bakeak egiaren aitortza eskatzen du. Baita gure aldarrikapen justuena ere". Bakea eskuzabaltasunez irabazten dela nabarmendu zuen, eta gogora ekarri zuen Arregiren eta gerra zibilean Nafarroan eraildakoen senideek izandako eskuzabaltasuna. "Hark amesten zuen Euskal Herri libre eta justua lortzea da gure erronka". Izkok nabarmendu zuenez, "indar politiko jakin batzuek iraintzen jarraitzen duten estatuindarkeriaren ehunka biktimetako bat da Mikel Arregi". Sortuko kideak gaineratu zuenez, "alde guztiek erabilitako indarkeriak ondorio larriak utzi ditu Euskal Herrian, bakearen eraikuntzaren apustuaren testuinguruan landu behar direnak". Indar politiko ezberdinei eskatu zien autokritika. Hura era kolektiboan egin behar dela adierazi zuen, ardura politikoa dutelako "indarkeria erabili, partekatu edo babestu izanagatik".  Helburua "egiaren ezagutza, gertatukoa ez errepikatzeko berme gisa". Izkok bukatzeko esan zuen: "Estatuak indarkeriaren erabilpen politikoa egiten jarraitzen duen bitartean soilik ezker abertzaleari autokritikak exijitzea, bakearen etsaiak indartzea baino ez dakar". Amaia Izkok Arregiren senideei oroigarria bat eman zien akaberan.