Ongi, Lagun, ongi!

Guaixe 2013ko azaroaren 18a

Baziren hainbat jardunaldi Lagun Arteak garaipena zer zen gogoratzen ez zuena. Igandean Erri-Berriren kontra aritu ziren lakuntzarrak, bi taldeak puntuen faltan. Azkenean, eta merezimendu osoz, Lagun Arteak irabazi zion Erri-Berriri, 3-1. Baina sufritzea tokatu zitzaion Laguni, Erri-Berrikoak aurreratu zirelako. Lagun Arteak aurreratzeko aukera izan zuen, Xabat Goikoetxea bakarrik geratu baitzen Erri-Berriren atean. Baina baloia ez zen atera sartu. 25. minutuan iritsi zen Erri-Berrikoen gola, Eslavak sartutakoa. Atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartzekotan egon ziren Erri-Berrikoak, baina, zorionez, Orriok geldialdi bikaina egin zuen. Bigarren zatian lakuntzarrek buelta eman zioten egoerari, Arratibelek gidatuta. Unai Bakaikoak berdinketaren gola sartu zuen eta nahiz eta Lagunek dominatu, partida bukaerara arte ez ziren iritsi garaipenaren golak. Morillasek zulatu zuen atea 84. Minutuan, eta partida bukatzear zela, Jonathanek, 90. minutuan. 3-1 irabazita taularen gune lasaian kokatu dira lakuntzarrak. San Juan da 3. mailako liderra (29 puntu). Lagun Artea 13.a da (15 puntu). Asteburuan Burlades (19 puntu) izango du arerio Lakuntzako taldeak, Iruñerrian.