San Blas egunarekin, 1883ko otsailaren 3an, etorri zen mundura Blas Alegria. Hurrengo egunean bataiatu zuten. 7 urte paseak ziren karlistada bukatu eta galdu zenetik. Bere aita, gazte zela, karlisten aldean borrokan ibili zen. Gerrak gose, miseria eta heriotza arrastoa utzi zuen.
Giro horretan, Lakuntzako Dendaberri etxean jaio zen Jose Vicente Alegria Gillen lakuntzarraren eta Aniceta Alegria Razkin etxarrendarraren aurreneko semea. Blas zazpi anai-arrebetan zaharrena izan zen: Segunda (txikitan hil zen), Anjela (moja), Dionisia (aitarekin eta Blasekin bizi izan zen), Lucas eta Jose (Argentinara emigratu zuten) eta Pakita (Uharteko Jose Goikoarekin ezkondu zen).
Gizon luzea eta aurpegiera seriokoa zen Blas. Hala ere, umore onekoa eta txantxazalea omen zen. Apaizgai zela maki gelditu zen. Etxe aurretik pasatzen zen goitik heldu zen erreka eta han zubitxo bat zegoen. Zubian saltoka jolasean zebilela hura jo eta min hartu zuen. Gertatutakoa kolkoan gorde zuen, amari esan gabe. Baina oinazeak hasi zirenerako beranduegi izan zen eta hanka bat bestea baino motzagoa gelditu zitzaion.
Lakuntzako Anjelena etxeko Jose Alegria lehengusu zuen Blasek. Moxka etxekoa zuen bestelehengusua. Haren emaztea alargun gelditzean umeekin Getariara joan zen. Blasek udako oporraldi asko Getarian eman zituen eta han ere idatzi egin zuen.
Ikasketak
Blasek bere lehen ikasketak Lakuntzako eskolan egin zituen. 1895-1896 kurtsoa Unanuko prezeptorian latineko 1. maila eta humanitateak ikasi zituen, "meritus" kalifikazioa lortuz. Irakasle Unanuko apaiza zen Victoriano Huizi etxarriarra izan zuen. Etxarriko Kisostomo etxekoa euskara eta euskal gaietarako zaletasuna zuen eta pentsatzekoa da Blas gaztearengan eraginen bat izanen zuela.
96 eta 99 urteen artean latin ikasketekin jarraitu zuen eta guztietan aurreko nota bera lortu zuen. 99-00 kurtsoan logika, metafisika orokorra eta matematika gaiak urriko deialdian gainditu zituen. Bere ikasketekin eta zegokion adinera helduta, Blas Alegria seminarioan sartu zen.
Apeza
Nota bikainekin ez bazen ere, ikasketak aurrera atera zituen lakuntzarrak. Ziurrenik hasieran, behintzat, nahikoa lan izanen zuen hizkuntzarekin. Euskalduna izanda zenbait oztopo gainditu beharko zituen. Bere lehen meza Lakuntzan bertan eman zuen, 1907ko garagarrilaren 5ean. Lakuntzako Wenceslao (Segundo Baber Pieltes) kaputxinoarena izan zen predikua.
Garai hartan apaiz asko zegoen eta abaderik gabe gelditzen ziren herrietako plazak lehiaketa bidez betetzen ziren. Jakina, nota hobeak zituztenak hartzen zituzten herri onenak. Blasek lanik ez zuenez Lakuntzan gelditu zen. Herriko apaiz lagunkidea izan zen. Ondoren etorri zen Arakilgo artzapez-barrutiko kaperau izendapena. Azken horrek zera esan nahi zuen: Arakilgo artzapez-barrutiko herriren bateko apaiza gaixotu, hil edo leku aldatzen bazuten Blasek joan beharra zuela haien tokia betetzera. Hala, egonaldi laburrak egin zituen Hiriberrin, Latasan eta Ilarregin.
1934ko akaberan, Lakuntzako bikario Juan Eskala hil egin zen eta Blas Alegria bikario ordezko gelditu zen. 4 urte eman zituen horrela, 1938ko hondarrean Nemesio Asurmendi, bikario berria, etorri zen arte. Lakuntzarra herriko apaiz lagunkide postuarekin gelditu zen.
Migel Intxaurrondok seminarioan euskara irakasten zuen eta bere ordezko moduan edo, Blas Alegriari kargu hori proposatu zion. Lakuntzarrak ez zuen bere burua horretarako prestatuta ikusi. Gainera, bazen besterik etxean. Dionisa arrebak oztopoak jarri omen zizkion, bera bakarrik etxean ezin zitekeela moldatu. Aitarekin batera hirurak bizi ziren. Hala, bada, Blasek ez zuen Iruñeko eskaintza onartu.
Migel Intxaurrondok egindako eskaera ez zen batere arraroa. Laguna zuen. Gainera, Iruñeko apezgaitegian 1925.ean sortu eta guda arte iraun Euskeraren Adiskideak elkartearen sortzaileetako bat izan zen lakuntzarra.
Gerra
Espainiako Gerra Zibileko garaia ez zen Blas Alegriarendako xamurra izan. Gorriak ikusi zituen. Etxea zenbaitetan miatu egin zioten. Horrek bere literatur lanaren zati handi bat galtzea ekarri zuen. Izan ere, halako miaketak aurreikusten zituenez, Getariara familiari bisita egitera joan zen batean zaku bete liburu eta idatzi itsasora bota zituen. Beste zenbait lan hartu eta erre egin zizkioten. Gainera, herrian, atzetik burla egiten zioten.
Hala ere, onik atera zen. Lakuntzako behin-behineko bikarioa zen eta, gainera, karlistadan ibilitako bere aitari Ohorezko Teniente izendapena eman zioten. Eta horren adierazgarri bi izar doratu zituen txapel urdina zen. Miaketa bakoitzean txapel hura erakusten zuen. Aitari ere soldata txiki bat eman zioten, Pakita arrebak jasotzen zuena. Apaiz izatea eta aitaren graduazioak salbatu zuten.
Blas Alegriaren aita 1946ko ilbeltzaren 7an hil zen, 89 urterekin. Ordura arte izan zuen babesa desagertzeak eta, batez ere, bere osasun eskasak heriotzara eraman zuten Blas, 1947ko Pilare egunean, gaur 60 urte. Bizi guztia (64 urte) han-hemenka eman zuen, baina etxe inguruan. Horrek aukera ederra eman zion herriaren bizimoduak, ohiturak eta zainak ezagutzeko. Gainera, bere garaiko euskaltzaleekin eta jakintsuekin harremana izan zuen. Azkenik, Blasek herriarengandik jasotakoa edertuta emateko abilezia izan zuen.
Gogoan
Duela 24 urte, 1983ko otsailaren 19an, Lakuntzako herriak eta Euskaltzaindiak Blas Alegria, euskal idazleari, bere jaiotzaren mendeurrenean goratzarre egin zioten. Ageriko batzar hartan parte hartu zuten Lakuntzako alkateak, Juan Mari Ganboak, bildutako guztiak agurtu zituen. Herriko erretore Eugenio Ulaiarrek Blas Alegria euskal idazlearen bizitza eta lanez jardun zuen. Luis Igeltzek idazle lakuntzarraren liburu eta esku-izkribuen berri eman zuen. Bildutako guztiei ere zuzendu zitzaien Luis Villasante euskaltzainburua. Orduan esandako guztia jaso zituen Euskaltzaindiak eta gaur egun hemen irakur litezke.
Bibliografia
Blas Alegria Iruñeko Euskararen Adiskideak elkarteko kide izan zen. Donostiako Euskal Esnalea aldizkariko kolaboratzailea eta Olabe Liburutegiko Patronatuko lehiaketetan maiz parte hartu zuen. Gainera hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaborazioak idatzi zituen. Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkarian ere zenbait lan argitaratu zituen.
1911n bere lehen idatzia karrikaratu zuen Euskal Esnalea aldizkarian. Dagonian bonbon... izenburuko ipuina zen eta L´tar B.A. akronimoarekin sinatu zuen.
1924ko agorrilaren 31n La Voz de Navarra egunkarian, sinatu gabe, Oliteko gaztelua poema argitaratu zuen Blasek.
1926. urtean Euskal Esnalea (XVI, 100-104 orriak) aldizkarian Irakurgai alaiak: Lakuntzako Pertza lana argitaratu zuen. Aizkorri edo Aralarko Damaren legenda jaso zuen eta Amurgingo kobaren ondoan kokatu zuen, Lakuntzako Pertza pasaren azpian. Horren aipamena akaberan egiten du.
1928an Euskararen Adiskideak elkartearen antzerki lehiaketan 2. saria eskuratu zuen Aña Mari misioetako antzezlana, 75 pezeta eskuratu zituen. (Lehen saria Fernando Urkia arbizuarrarendako izan zen). Urte hartan bertan argitaratu zen. Lakuntzako Baratzerrekalde baserrian bizi den familiaren berri ematen du lanak.
1929an Olabe Liburutegiko Patronatuak antolatutako literatura lehiaketako euskarazko antzerki lehiaketan parte hartu zuen. Blasek sariketara aurkeztutako Dama antzezlanak ez zuen beharrezko luzera. Hala ere, lehiaketatik kanpo, 300 pezetako saria jaso zuen.
1930-1931. Urte horietan Gure Ama: euskararen garai ontako egonera ta berori zaindu ta geituerazteko biderik egokienak lanaren euskara eta gaztelaniazko bertsioak aurkeztu zituen. Blasen lan hori euskararen garaiko egoeraren eta euskara defendatu eta sustatzeko baliabide egokien inguruko estudioa da. Gorago aipatutako patronatuaren 1000 pezetako saria balio izan zion lanak. Gainera, 1932an publikatu egin zen. Lehiaketarako gaia Manuel Irujok proposatu zuen.
1932an patronatuaren lehiaketara Jolas Urrina lana aurkeztu zuen, Costumbres, Justas y Regocijos de la zona euskera de Navarra lehiaketako gaiari segiz. Lan horregatik 1000 pezetako laguntza jaso zuen, baina ez zen argitaratu. Lan horren Lilaya kapitulua eta gaztelaniazko itzulpena, La Rueca RIEV aldizkarira bidali zuen.
1934an Atsegina lana aurkeztu zuen patronatuaren lehiaketara baina ez zen saritua izan, udal eta diputazio berrien aukeraketak patronatuaren euskararekiko jarrera aldatu baitzuen. Euskal Esnalean Irakurgai Alaia lana publikatu zuen.
RIEVen Arimen gaba eta San Sebastian ermitari eskainitako poesia, Biotz-mina. Azken horren gaztelaniazko itzulpenari Añoranza izenburua eman zion.
1945eko ilbeltzaren 25ean matatxerriari eskainitako bertso batzuk ere egin zituen: Belarri Bakarreko Cerri Bromazalia.
Jose Maria Irribarrenen De Pascuas a Ramos liburuan Blas Alegriaren bi testu ageri dira: Caldera de Lacunza eta El via crucis de Lacunza. Azken horretan Lakuntzako neskatxek pazko-egunean Magadalenara egiten duten gurutz-bidearen berri ematen du.
Bere paperen artean, besteak beste, Lakuntzako euskaran idatzitako 47 sermoi opatu dira. Baita idazlan baterako gidoi moduko bat ere.