Osasuna Bk izugarri sufritu behar izan zuen Lagun Artea menpean hartzeko

Guaixe 2013ko abenduaren 23a

3. maila. 18. jardunaldia: Osasuna B 1 – Lagun Artea 0

Taxoaren jokatu zuen Lagun Arteak, Osasuna B taldearen kontra. Oso ongi jokatu zuten lakuntzarrek, eta Osasunako filialak izugarri izerditu behar izan zuen 3 puntuak lortzeko. Partida hasieratik izan zen oso lehiatua. Osasunak sortzen zuen jokoa, baina Lagun Arteak izugarri presionatu zituen iruindarrak. Horrela, deseroso aritu zen Osasuna. Baina partida hasi eta ordu laurdenera Maikelek pase zoragarri bat aprobetxatu eta Lagun Artearen atea zulatu zuen. Laguneko Unai Bakaikoak baloi bat lapurtu zuen eta gol aukera polita izan zuen, Cantero atezainak cornerrera bidali zuena.
Bigarren zatian jokoak antzeko egoeran jarraitu zuen: gorriek dominatu zuten, baina Lagun Arteak ongi eutsi zion Osasunari. Osasunaren gol aukerak bikain gelditu zituen Eneko Orriok. Lagunek defentsa sendoa erakutsi zuen eta kontraerasoan ere zoragarri aritu zen. Berdintzeko aukera ere izan zuten lakuntzarrek, baina partida 1-0 galduta despeditu zen.

San Juanek eusten dio 3. Mailako lidergoari (42 puntu). Lagun Artea 11.a da (22 puntu). Hurrengo jardunaldian Lagun Arteak 18 punturekin sailkapenean 15.a den  Beti Onak taldea hartuko du Zelai Berrin.