Mendizale beteranoa da Mikel Zabalza nafarra, eta 20 urte baino gehiago daramatza eskalatzen eta mendiak igotzen. Esperientzia handiko alpinista da eta mundu guztian barrena ibili da: Pakistanen, Nepalen, Indian, Patagonian, Tierra de Fuegon, Antartidan… Alberto Iñurrategi eta Juan Vallejorekin batera Basque Team taldea osatzen dute eta makina bat espedizio arrakastatsu egin dituzte, Antartida gurutzatzearena, esaterako, edo Karakorumen hainbat proiektu.
Lakuntzako Zabalarte klubak antolatuta, Karakorumi buruzko proiekzioa ekarriko du Zabalzak igandean, 19:30ean, Lakuntzako udaletxera. Karakorum Pakistan, India eta Txina arteko mugan dago eta Himalayarekin batera, Asiako mendikate inportanteena da. Bertan daude K23 (8.611 m), Gasherbrum I (8.068 m), Broad Peak (8.047 m) eta Gasherbrum II (8.035 m) zortzi milakoak. Bertan egindako lana azalduko du Zabalzak.