San Juan liderrak 4-0 irabazi zion Lagun Arteari

Guaixe 2014ko urtarrilaren 13a

3. maila. 20. Jardunaldia: San Juan 4 – Lagun Artea 0

San Juanek zergatik den liderra erakutsi zuen larunbatean Iruñean. Hasieratik dominatu zuen talde iruindarrak eta arriskua sortu zuen Lagun Artearen zelaian. 22. minuturako bi gol sartu zituen Alfredo Iberoren taldeak. Lagun Arteak ahal zuen moduan erantzun zion San Juani, eta 31. minutuan partidan sartzeko aukera izan zuten lakuntzarrek, baina arbitroak Bakaikoaren gol bat baliogabetu zuen, jokalariaren ustezko posizio zalantzagarriarengatik. Beranduago Bakaikoaren kontrako penaltya seinalatu zuen arbitroak, baina Gascok huts egin zuen. Bigarren zatiko azken minutuetan San Juanek beste bi gol sartu zituen eta horrela despeditu zen partida, lakuntzarrek 4-0 galduta.

San Juanek lidergoa sendotu du, 46 punturekin. Lagun Artea 14. Postura jaitsi da (23 puntu). Asteburuan Lagun Arteak 19 punturekin 16.a den Itaroa Uharte hartuko du Lakuntzan.