Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen birziklatzeari buruzko Nafarroako aurreneko lehiaketan, gazte mailan, bigarren saria lortu du Iratxe Floresek. Siempre On izenburuko lanak merezi izan dio aitortza lakuntzarrari. Pasa den asteko asteazkenean jaso zuen diploma, oihal berrerabilgarriko motxila eta lehiaketako kolaboratzaile diren erakundeetan gastatzekoa den txartela.
Nafarroako Gobernuaren menpeko den Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak (CRANA) antolatu zuen lehiaketa. Aralarko Mikel Donea institutuak ikasleen parte hartzea sustatu zuenez, lan hori eskertu nahi diote eta ikastetxean bertan ekitaldi bat eginen da aurki, parte-hartzaileei oroigarri bana oparituz.
Birziklatzea
Erositako dendetan edo astero herriz herri pasatzen Mank-en garbigune mugikorrean jasotzen dituzte tresna elektriko eta elektronikoak. Hau da, entxufe, pila edo bateriarekin ibiltzen den edozein aparailu. Haiek egoki kudeatzea garrantzitsua da, sustantzia toxiko edo kutsakorrak dituztelako eta zati asko birziklagarriak direlako. Gaizki kudeatuta kutsatu egiten dute eta baliabideak galtzen dira. Nafarroan, urteko, mota horretako 3,5 kilo jasotzen dira pertsonako (2.247 tona).