Udalak gaztetxoekin aritzeko hezitzailea kontratatuko du

Guaixe 2014ko urtarrilaren 17a

Zineko lanak despeditzeko kisusgilea eta kisugile-laguntzailea ere kontratatuko ditu

Lakuntzako Udalak aurten 973.154 euroko aurrekontua izanen du (171.859 euro inbertsiotarako). Diru hori nola kudeatu erabaki aurretik udalak lakuntzarren artean inkesta zabaldu zuen. 11 gairen zerrenda zegoen inkestan eta herritarrei haien lehentasunezko gaiak markatzeko eskatu zieten. 105 inkesta jaso zituzten udaletxean.

Oihane Uribe-Etxeberria zinegotziak jakinarazi digunez, lakuntzarrendako lehentasunezkoa da zinemako lanak despeditzea eta plazako lanak egitea. Horrekin batera, beharrezko jo zuten 12 urtetik gorako gaztetxoekin ariko den hezitzaile baten kontratazioa eta parkeko lanak despeditzea. Lehentasunetan hurrenak euskararen erabileraren sustapena, argiteria publikoaren kontsumoa murriztea eta krisiaren eragina murrizteko asmoz, elkartasun ekimenak sustatzea zeuden. Zerrenda berean zeuden ere: mendi ibilbideak markatzea, ahozko ondarearen dibulgazioa, trafikoaren berrantolaketa eta kale izendegiko kartel batzuk jartzea.

Kontratazioak
Hiru langile kontratatuko ditu Lakuntzako Udalak. Negu akaberatik 2015eko garagarzarora arte ariko da gaztetxoekin hezitzaile bat. Lanaldi erdiko kontratua izanen du. Bestalde, Lakuntzako Udalak bere gain hartu du zinemako lanak despeditzeko ardura. Eta horretarako 100.000 euro bideratu ditu aurrekontuan. Ondoren, egindako gastu guztiak Espainiako Gobernuari pasako dizkio, hari baitzegokion lana egitea.

Zinegotziak azaldu digunez, udala dagoeneko gremioekin hitz egiten ari da eta haiek otsailean edo martxoan sartuko lirateke lanera. Eta, haiekin batera, udalak kontratatutako kisusgilea eta kisusgile-laguntzailea. Horiek bizpahiru hilabeterako kontratua izanen dute.

Plaza
Herriko plazaren eraldaketa lanak otsaila erdialdean edo martxoan hasiko ditu Tex enpresak. Agorrilerako despeditu beharko ditu. Lanek 324.160 euroko aurrekontua dute, joan den urteko udalaren diru-kontuan aurreikusiak zeudenak. Lakuntzako Udalak lan horiek egiteko Nafarroako Gobernuaren 201.576 euroko diru-laguntza jasoko du eta Mank-en 6.650 euroko beste bat. Ibarreko erakundeak ur-azpiegituren inguruko eskumena duelako emanen du azken diru-laguntza hori. Udalak lanak egiteko 115.934 euro jarri beharko ditu. Eta beste 20.000 euro markesina berria egiteko, dagoena aldatu eginen baita.

Beste inbertsioak
Kattuka obra bukaera (patioa etab)    17.500 euro
Ibilgailua erosi                                  15.000 euro
Langileendako aldagelak (CAN zaharra) 6.000 euro
Itxesalde futbol zelaian hobekuntzak    5.600 euro
Txorrokota errekan hobekuntzak         2.000 euro
Igerilekuan hobekuntzak                    2.000 euro
Parkeko azken lanak                          1.000 euro