San Saastinen txanda

Guaixe 2014ko urtarrilaren 17a

Asteleheneraino luzatuko dira Lakuntzako festak

Urtea hastearen ajea oraindik pasa gabe dagoenean, atzera ere festetan murgilduko dira lakuntzarrak. Izan ere, San Saastinak dira lakuntzarren benetako festak, agorrileko festak garai bateko feriak baitziren. Berez lau eguneko festak izaten dira ilbeltzekoak, baina, krisia dela eta hiru egunetara mugatu zituen, hasiera batez, Udalak. Baina Lakuntzako tabernen ekimenez aurtengo San Saastiñek euren berezko lau jai egunak izango dituzte. Ostiralean hasi eta patroiaren egunean, hau da, astelehenean, San Saastin egunean despedituko dira.

Krisialdiaren eraginez egitarau xumea prestatu du Udalak. Gaur, ostiralean, hasiko dira festak, Lakuntzako tabernen ekimenak bulkatuta. Txupinazoa 19:30ean lehertuko da eta ondoren triki poteoa izanen da, eta, 20:00etan, Udalak eskainitako auzatea eta buruhandien lehen bisita. Gauean DJ Txenek alaituko du giroa. Bihar, larunbatean, eta eguraldiak laguntzen badu, Lakuntzako erraldoiek eta buruhandiek kaleak alaituko dituzte, txikien gozamenerako, eta 13:30ean piperropil onenak aukeratuko dira plazan. Piperropilak San Saastinetarako propio prestatzen diren aniseko opil bereziak dira, su baxuan talaburnian egiten direnak. Lakuntzako etxeetan piperropilak egiteko ohitura gorde da eta urteko piperropil onena zein den jakiteko jakin min handia izaten da. Arratsaldean txikienek danborrada txikia eskainiko dute eta gauean jai giroa ordu txikiak arte luzatuko da.

24. Danborradan Parkea Martxan ekimena omenduko dute
Igandean aizkolariak izanen dira goizean, haurrendako puzgarriak arratsaldean eta danborrada gauerdian. Lakuntzako Pertza elkarteak antolatuta, 24. danborrada gidatuko dute Joxe Floresek eta Ricardo Aretak. Aurten, Parkea Martxan ekimena izango da omendua, txanoa jantziko duena. Izan ere, Espainiako Gobernuak zineko lanak geldiarazi ondoren, parke berria egiteko asmoa ere zintzilik geratu zen eta egoerari buelta emateko Parkea Martxan ekimena hasi zen lanean. “Udaletxean dirurik gabe, lakuntzarrak Parkea Martxan ekimenean bildu ziren eta elkarlan edo auzolanaren bidez, denen laguntzaren bidez, makina bat ekimen jarri zituzten martxan, dirua ateratzeko. Eta diru horri esker egun dagoen parkea jaso da. Ekimenean parte hartu duten guztiak omendu nahi ditugu, herri osoa, azken finean. Honek erakusten du laguntzaren eta elkartasunaren bidez gauzak egin daitezkeela” adierazi du Joxe Floresek.

Astelehenean, San Saastin egunean, San Saastin ermitako erromeriak ezin du huts egin. Bertan txokolatea, piperropilak eta auzatea dastatuko dira eta arratsaldean San Saastin egunean ohikoa den Alkate Dantza dantzatuko zaie alkate eta zinegotziei.


San Saastin 2014. Egitaraua
Ilbeltzak 17, ostirala
(Tabernariek jarritako eguna)
19:30ean Txupinazoa.
20:00etatik 22:00etara Triki-poteoa.
20:00etan Buruhandiak eta auzatea.
21:30ean Zezensuzkoa.
00:00etatik 2:00etara DJ Txen.

Ilbeltzak 18, larunbata
13:00etan Erraldoiak eta Buruhandiak. Izengabeak taldearekin kale animazioa.
13:30ean Piperropil lehiaketa plazan. Sari banaketa.
17:00etan Sakanako Pilota Txapelketako finalak.  
18:30ean Danborrada txikia eta txokolatada plazan.
20:00etan Buruhandiak eta auzatea.
20:00etatik 22:00etara Musika Iñakirekin.
22:00etan Zezensuzkoa.
00:00etatik 2:00etara Musika: Terry & Tery.

Ilbeltzak 19, igandea
12:30ean Aizkolariak. 2013ko Euskal Herriko txapeldun Iñaki Azurmendi tartean (Conservas Del Reynoren eskutik).
13:00etan Auzatea (Conservas del Reynoren eskutik).
17:00etatik 19:00etara Puzgarriak eta material birziklatuekin jolasak.
20:00etan Buruhandiak eta auzatea.
20:00etatik 22:00etara Musika: Terry & Tery.
22:00etan Zezensuzkoa.
00:00etan Danborrada.

Ilbeltzak 20, astelehena. San Saastin eguna.
6:00etan Aurora.
11:00etan Erromeria San Saastin ermitara.
12:00etan Meza ermitan.
13:00etan Auzatea ermitan.
18:30ean Dantzari txikiak herriko plazan.
19:00etan Auzatea eta buruhandiak.
19:30etik 21:30era Musika Iñakirekin.