Atzoko danbor hotsen ondoren, gaur ermitara

Maider Betelu Ganboa 2014ko urt. 20a, 10:35
Danborra jo uxatu zuten hotza atzo Lakuntzako danborradan.
San Saastin egun handia ospatuko da gaur Lakuntzan

Ostiralean hasi ziren Lakuntzako San Saastinak eta gaur despedituko dira, festetako patroiaren egun handian. Ostiralean tabernen ekimenez ospatu zen festa, giro onean joan zena. Larunbatean piperropil txapelketa egin zen eta Rosario eta Lourdes Soto ahizpek egin zuten piperropil onena, epai mahaiaren ustez. Larunbat arratsaldean danborrada txikiaren txanda izan zen, eta Lakuntzako Behar Zana pilotalekuan Sakanako Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren, giro ederrean. Jakina, jai giroa ordu txikiak arte luzatu zen.

Atzo, igandean, goizean aizkolari erakustaldia izan zen eta Euskal Herriko txapeldun Iñaki Azurmendi eta Arkaitz Jauregi gailendu ziren. Arratsaldean haurrendako puzgarriak izan ziren eta gauerdian hasi zen Lakuntzako Pertza Elkarteak antolatutako 24. Danborrada, Joxe Flores eta Ricardo Aretak gidatuta. Lakuntzako abesbatzak San Sebastian martxa kantatuz hasi zen ekitaldia, eta ondoren Ozarki txarangak jarri zien doinua danborradako gainontzeko piezei. Joxe Floresek gogoratu zuen aurtengoa plaza zaharreko azken danborrada izango dela eta hurrengo urtean plaza berria estreinatuko dutela lakuntzarrok, hain justu danborradaren 25. urteurrena izango denean. “Urteurren berezia izango da hurrengo urtekoa eta zerbait berezia eginen dugu. Sorpresaren bat izanen da” aurreratu zuen.

Ohorezko txanoa Parkea Martxan ekimenari
Danborradak Parkea Martxan ekimena omendu izan zuen aurten. Lan taldean aritu diren hainbat kide igo ziren oholtzara eta elkarteko presidente Joxe Agirreren eskutik jaso zuten ohorezko txanoa. “Azken finean herri guztiari egin nahi zaio omenaldia, herri guztiak parte hartu duelako Parkea Martxan ekimenean. Parkea egiteko baliabiderik ez zegoen eta herritarrak bildu, ekimenen bidez dirua jaso eta auzolan bide parkea egin da. Guztiok batuz eta elkartasunarekim gauza asko egin daitezke eta hori saritu nahi dugu” azaldu zuen Floresek. Parkea Martxanen izenean Jone Aretak eskerrak eman zizkion elkarteari eta elkartasunaren balioa azpimarratu zuen. “Sorpresaz hartu dugu ohorezko txanoa jasotzearena eta oso pozik gaude. Parkea egina dago baina oraindik bigarren fase bati ekinen diogu, auzolan bidez eginen duguna. Hortaz, lanean jarraitzen dugu” azaldu zuen Aretak.

Gaur ermitara
Atzo danborradako doinuen ondotik, lakuntzarrek gaur San Saastin ermitara joko dute. Meza eta gero auzate ederra eskainiko da bertan. Txokolatea, txistorra, piperropilak eta beste dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean Elai-Alai dantza taldearen dantza emanaldia izanen da eta Alkate dantza dantzatuko zaio Lakuntzako udaletxeko alkate eta zinegotziei. Horrela despedituko dira aurtengo San Saastinak.

Erlazionatuak