Lagun Artea beheko postuetatik gertu

Guaixe 2014ko urtarrilaren 27a

3. maila. 22. jardunaldia: Valtierrano 1 – Lagun Artea 0

Lakuntzako Lagun Arteak Erriberan jokatu zuen, Valtierran. Lehen zatia hasi eta berehala herrikoek hainbat gola aukera izan zituzten eta, horrela, 18. minutuan, Valtierranoko Jonathan Resak gola sartu zuen eta Lagun Arteak ezer gutxi egin ahal izan zuen. Bigarren zatian partidari buelta ematera atera ziren lakuntzarrak, eta berdintzeko aukera izan zuten, baina Valtierranok abantaila ongi defendatzen jakin zuen eta lakuntzarrak punturik gabe etorri ziren etxera.

San Juan da 3. mailako liderra, 50 punturekin. Lagun Arteak postuetan behera egin du eta egun 15.a da, 23 punturekin, jaitsiera postuetatik oso gertu. Igandean jaitsiera postuetan dagoen Murtxante taldea hartuko du Lagun Arteak Zelai Berrin. Hortaz, egoerari buelta emateko garaia da, sailkapeneko beheko aldea oso gertu baitu Lagunek.