Lagun Arteak hiru urrezko puntu galdu zituen

Guaixe 2014ko otsailaren 3a

3.maila. 23. jardunaldia: Lagun Artea 1 – Murtxante 2. Murtxanteren kontrako lehian gehiegi barkatu zuten lakuntzarrek.

Gauzak asko zailtzen ari zaizkio Lagun Arteari 3. mailan. Lagunek Murtxante hartu zuen igandean Lakuntzan eta partida oso inportantea zen, irabazleak airea hartuko baitzuen eta galtzailea jaitsiera postuetara bidean jarriko bailitzateke.

Barkatzen duenak galdu egiten du futbolean eta hori gertatu zitzaion Lagun Arteari. Lakuntzarrek lehen zatian bospasei gol aukera argi izan zituen eta barkatu egin zuen. Aldiz, Murtxante behin iritsi zen kontrako atera eta gola sartu zuen. Hala ere, Lagun Arteak berdindu egin zuen, 40. minutuan, Arratibelek sartutako golari esker.

Bigarren zatian egoera bera errepikatu zen: Lagun Arteak aukera ugari izan zituen baina behin eta berriz huts egin zuen. Gainera, 78. minutuan, Adrian Vicente eta Laguneko Orrio atezainaren arteko zorigaiztoko jokaldi batean, baloia Lagunen atean sartu zen. Hortik aurrera, etengabe saiatu zen Lagun Artea, baina ezin izan zuten ezer lortu eta 3 puntuak Murtxantera joan ziren, taldearen zorionerako.

Jaitsiera oso gertu
3. mailako liderra San Juan da (53 puntu). Lagun Artea postu bat jaitsi da eta 16.a da (23 puntu), jaitsiera postuetatik 2 puntu eskasera. Postu izugarri horiek atzean uzteko puntuak bildu beharrean daude lakuntzarrak. Asteburuan Corellan jokatuko dute, 26 punturekin 13.a den Corellanoren kontra. Puntu aldea eskasa da eta ea irabazi eta sailkapenean gora egiten duten lakuntzarrek.