Lakuntzako Zelai Berrin hartu zuen Lagun Arteak Oberena, larunbatean. Partida oso lehiatuan, bi taldeak parez-pare aritu ziren eta garaipena edonork lortu ahal izan zuen. Baina, zorionez, 3 puntuak Lakuntzan gelditu ziren.
Lehen zatian paretsu aritu ziren Lagun Artea eta Oberena, eta ez zen aparteko gol aukerarik egon. Aldiz, bigarren zatian, Lagun Artea garaipenaren bila joan zen hasieratik. Jaitsiera postuak gertu zituen Lagun Arteak, eta 3 puntuak lortzeko borrokara pasa ziren lakuntzarrak. Unai Bakaikoa izan zen taldea mugiarazi zuena. Gol aukera handia izan zuen, baina baloia gutxigatik kanpora irten zen. Azkenean, 74. minutuan, sekulako gola sartu zuen Unaik. Beste aukera polita ere sortu zuen, baina ezin izan zuten burutu. Oberenak ere bere aukerak izan zituen, baina ez zuen aparteko arriskurik sortu Agustinek zaindutako atean. Asko sufrituta, beharrezkoak zituen 3 puntuak lortu zituen Lagunek.
San Juanek jarraitzen du lider, 59 punturekin. Lagun Artea 16.a da, 26 punturekin. Asteburuan sailkapenean bigarrena den Izarra izanen du arerio. Ea lakuntzarrek puntuak pilatzen dituzten, jaitsiera postuak gertu dituzte eta.