Lakuntzako 3 puntuak Txantreara joan ziren

Guaixe 2014ko martxoaren 3a

3. maila. 27. jardunaldia: Lagun Artea 1 – Txantrea 2

Lagun Arteak Txantrea hartu zuen igandean Lakuntzan. Lehen zatian Lagun Artea izan zen nagusi. 35. minutuan Arratibelek gola sartu zuen, penaltyz, eta 1-0 aurreratu zen Lagun. Unai Bakaikoak gola sartzeko aukera izan zuen, Txantreako atezainaren aurrean bakarrik geratu zelako, baina ez zuen baloia ongi kontrolatu eta Fermin atezainak baloia gelditzea lortu zuen.

Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, arbitroak erabaki polemikoa hartu arte. Laguneko jokalari baten hankan jo zuen baloikada penaltya izan zela interpretatu zuen. Lakuntzarrak ez zeuden batere ados erabakiarekin baina Julenek berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera, partida apurtu egin zen. 86. minutuan, partida berdinketarekin despedituko zela aurreikusten zenean, Cheikek garaipenaren gola sartu zuen. Berriro ere, ustez Lagun Arteak kontrolatzen zuen partida bertan behera geratu zen eta 3 puntuak ihes egin zuten, Txantreara.

San Juan da 3. mailako lider sendoa (61) puntu, bigarrena den Izarrari 5 puntu aterata. Lagun Artea 17. Postura jaitsi da (27 puntu). Jaitsiera postua 3 puntura du Lakuntzako taldeak, postu eskas batera. Hortaz, asteburuan sailkapenean 8.a den Iruñaren kontrako lehian irabaztera derrigortuta dago Lagun.